Hileta zibilak arautze bidean dira
araudia; Lezon, Pasaian, Oiartzunen eta Hondarribian ez dago oraingoz gaiaren gaineko erabakirik.
«Elizak ez du zertan eduki behar gure bizitzaren gaineko erabateko kontrola» «Elizara joan nahi ez duenak beste aukera bat izatea oinarrizkoa da» Yolanda Allende, Nicolas Gerendiain elkarteko kideaMozioaren bidez, agurrak egin ahal izateko «espazio duin bat» bermatzeko eskatu diote udalari Nicolas Gerendiain elkartekoek, eta baita tokia zein izan daitekeen iradoki ere: «Biblioteka zaharra toki aproposa izan zitekeela iradoki genion udalari, orain libratu dela baliatuta. Gure ustez, hiriko leku oso esanguratsua da, eta toki ideala iruditzen zaigu». Tokia zein izango den erabakitzea, hala ere, udalari dagokio. Allendek azaldu duenez, beste balizko leku bat ere aipatu zuten udal arduradunek: Ospitale Zaharreko gela balioanitza. Erabakitzen den tokia edozein dela ere, agur zibilek lehentasuna izango lukete. Errenterian bada aukera Errenteria-Oreretan hileta zibilen gaineko ordenantzak urtebeteko ibilbidea du. Iazko otsailean onartu zuten, plenoan. Ordutik, Gabierrotako zaharren etxeko Añarbe aretoan egin daitezke hileta zibilak. Lezon, Pasaian, eta Oiartzunen, berriz, gaur gaurkoz ez dago hileta zibilak egiteko udal azpiegiturarik, ez behintzat hilerrietan egon ohi diren gela akonfesionaletatik at, ez eta Hondarribian ere. Hondarribian, kanposantuan hileta zibilak egin ahal izateko azpiegitura bat egokitzeko asmoa agertu zuen udalak 2014ko abenduan, baita horretarako diru partida aurreikusi ere 2015. urteko aurrekontuetan. Gaur gaurkoz, ordea, lanak ez dira egin eta udalean galdetuta, ez dirudi epe motzean halakorik aurreikusita dagoenik.
Agur zibilak gutxitan egiten dira gaur egun, askotan, azpiegitura faltagatik; gero eta gehiago dira horiek behar bezala antolatu ahal izateko zerbitzu publiko baten eskean ari diren lagunak
‘Ene lagunek harturik airian…’
Kantuz agur zezaten nahi zuen Mikel Laboak. Nola bestela? Eta ziurrenik bere zale orok izango du oroitzapenetan iltzatuta haren azken agurra, zibila, musikatua, lagunez inguratua, pertsonalizatua… Bada, Laboak bezala jende anonimo askok argi du bere azken agurra elizatik kanpo nahiko lukeela. Maizegi baina, nahi horrek errealitatearekin egiten du topo, eta gaur gaurkoz agur zibil bat antolatzeko dauden zailtasunak edota gabeziak medio, elizan egin ohi dira bestelako baldintzetan handik kanpo egingo ziren ospakizun asko eta asko. Halako gaietan maiz gertatu ohi den legez, hileta zibilen kontuan ere, jendartearen eskakizunen atzetik iristen ari dira erakundeen erantzunak. Oiartzunen, beste udalerri askotan bezala, ez dago egun hileta zibilentzako udal aretorik. Oarso Bidasoko Hitza Arantxa Lete eta Jesus Gonzalezekin izan da Oiartzunen. Biak aritu izan dira agur zibilen aldarrian orain baino lehen. «Niri iruditzen zait, jende asko dela, beste modu batera pentsatzen duena», dio Letek. «Koherentea izan behar duzu zure pentsaerarekin, eta azkeneko agur horrek beste modu batekoa izan beharko luke». Kezka horrek bultzatuta aurreko legegintzaldian zinegotzi bati helarazi zion eskaera. «Herrian eliza dugun bezala, leku bat behar dugu agur horiek duintasunez egiteko, eta horretan, udalak zalantzarik gabe, ardura izan behar du», gaineratu du.«Nik uste dut agur zibilena udalak lehenbailehen heldu behar duen gaia dela» «Toki duin bat agur duin baterako. Hori oso garrantzitsua iruditzen zait» Arantxa Lete, Irakasle ohiaPremiazko kontua da Leteren ustez: «Nik uste dut agur zibilena udalak lehenbailehen heldu behar duen gaia dela. Nik eskatuko nieke toki duin bat, eta protokolo bat eskaintzea, oinarrizko araudi bat, gauza serio eta txukuna». Leterekin erabat ados da Jesus Gonzalez: «Elizara normalki joaten ez garenok ere badugu eskubidea zerbitzu publiko bat izateko». Laikotasunaren aldeko defentsan diharduen elkarteko kidea da Gonzalez, eta agur zibilen aldarria da elkartearen lan lerro nagusienetakoa. «Erritu zibilen gaia da elkartearen ardatz nagusienetakoa, baina ez bakarra», adierazi du. Elizak OHZa ordain dezala lortzea eta, oro har, elizak izan ohi dituen pribilegioekin amaitzea da Laikotasuna elkartearen asmoa. Ezaugarriak Azken urteotako sekularizazio prozesua oso nabarmena izan da. Bestelako errituei begiratzea baino ez dago. Bataioen beherakada handia izan da, eta jada ez da bitxia haur batek jaunartzea ez egitea. Ezkontza zibilek ere aspalditik dute goranzko joera. Aitzitik, heriotzaren kasuan ez da halakorik eman. Datu oso gutxi daude gaiaren gainean, baina adituek diotenez, Euskal Autonomia Erkidegoan, gaur gaurkoz, hileta guztien %5 baino ez dira zibilak. «Nik uste dut oso barneratua daukagula, gure heziketarengatik, alde erlijioso hori» dio Letek. Baina dena ez da sinismena. Ohitura kontu bat ere iruditzen zaio, eta bestelako eskaintza bat ez egotearen ondorio, «hiru gauzen uztarketa».
«Elizara joaten ez garenok ere badugu eskubidea zerbitzu publiko bat izateko» «Orain baliabide gehien dituena agurrak antolatzeko eliza da» Jesus Gonzalez, Laikotasuna elkarteko kidea«Normala denez, maite dugun jendea agurtzea gustatzen zaigu, eta orain eliza da baliabide gehien dituena agurrak antolatzeko: txukun egiteko, jende multzo handi bat biltzeko… beste aukera handirik ez dago», gaineratu du Gonzalezek. Gonzalezek zehaztu duenez, Oiartzunen, hilerrian, bada espazio bat «hain markatuta» ez dena eta horretarako erabili daitekeena, baina Leteren hitzetan aukera hori « oso prekarioa» da. «Tanatorioa gaubeila egiteko toki oso ona da, baina ondoren, horrelako zeremonia bat egiteko baldintzarik ez du», iritzi dio Letek. «Gainera, halakoetan, norberaren esku geratzen da», kexatu da, eta bestelako azpiegitura baten beharra aldarrikatu: «Nik ez dut esaten programa jakin bat egon behar denik mundu guztiarentzako, baina bai posibilitate bat toki duin bat izateko, eta ez sasi artean eta ahal den bezala. Toki duin bat, agur duin baterako. Hori oso inportantea iruditzen zait. Oroitzapen hunkigarri bat egitea eta jendeak parte hartzea. Txukun egitea gauzak». Gonzalezen ustez, behin betiko toki bat bilatu bitartean pleno aretoa erabiltzea izan daiteke irtenbidea. Erritualen garrantzia Jaiotza, haurtzaroaren bukaera edo heldutasunera jauzia, heriotza… zibilizazio guztietan ospatu ohi diren errituak dira, eta errituei eustearen garrantzian bat datoz Lete eta Gonzalez. «Mundua mundu denez geroztik erritual batzuk daude, eta horiei eustea garrantzitsua da. Gertatzen dena da erlijio kristauak zurrupatu duela guztia», nabarmendu du Letek. Horregatik, honakoa argitu du: «Ni ez nago ezeren kontra, aukerak zabaltzearen alde baizik. Nahi duenak badu, baina nahi ez duenak, zer? Hori da gakoa». Oiartzungo Udalak jaiotakoen atsolorra ospatzeari ekin zion iaz —urte bakoitzean aurreko urtean jaiotako haurrei ongi etorria emateko ospakizuna—, eta iniziatiba txalotuz, agur zibilen kasuan bide beretik jo dezakela defendatu du Gonzalezek. Berezko ezaugarriak Gaur gaurkoz gutxi egiten diren arren, oro har jende guztiak uste du agur zibilek goranzko joera izango dutela. Definitzeke daude oraindik, eraikitze prozesuan, baina egiten direnei erreparatuta, aipa daitezke jada hainbat ezaugarri. Normalean elizako hiletak baino pertsonalizatuagoak izaten dira, zendutako lagunaren bizipenei lotuagoak, musikaz girotuak, lagunen partaidetza handiagoarekin, gertuagokoak… Gonzalezen ustez, oso lagungarriak izaten dira gertuko guztientzat: «Janaria eskaini, hurbiltasuna, hildakoaren gustuko kantak… senideei laguntzen diezu heriotza beste era batean hartzen. Mina eta dolua hor daude, baina agurra beste era batean egiterik bada». Antolamendua, bere ustez, lagunengan utzi behar da halakoetan, familiari zama hori arinduta. Letek, bestela uste du: «Hil denak adieraziko zuen, ziurrenik, bere etxean azken nahia. Elizako hiletan familiak parte hartzen duen bezala, agur zibiletan ere familiak parte hartu beharko luke».