400 judoka baino gehiago lehiatu dira kadeteen Ama Guadalupekoa XXIV. Nazioarteko Judo Txapelketan. Aitor Goikoetxeak zilarra irabazi du, eta Jon Pascualek brontzea.
Jon Pascual maila harrigarria ari da erakusten lehen kadete urtean
Irudi asko utzi ditu
Ama Guadalupekoa XXIV. Nazioarteko Judo Txapelketak. 400 judoka baino gehiagok parte hartu zuten larunbatean Jostaldin kadeteen Espainiako Super Kopan, eta paregabea izan zen eskainitako ikuskizuna. Irudi ikusgarri asko, zirraragarriak beste anitz.
Azken hauen artean bi bereziki hunkigarriak. Bata, -55 kiloetako finalean, Aitor Goikoetxea hondarribiarra lurrean makurtuta medikua ondoan duela, Quintero madrildarrarekin borroka galdu eta gero. Eta bestea, -81 kiloetako finalerdian, Jon Pascual haserre tatamia kolpatzen poltsikoan zuen finaleko txartela azken hamar segundoetan galdu izanagatik.
Goikoetxea, finala galduta
Urrerik gabe geratu zen Goikoetxea eta brontzearekin konformatu behar izan zuen Pascualek. Baina harrigarria da bi nerabe hondarribiarrek larunbatean goraino beteta zegoen Jostaldin erakutsiriko heldutasuna. Ronaldo Veitia Ama Guadalupekoa klubeko entrenatzaileak abisatuta zuen aurreko astean domina bat lortzea oso zail ikusten zuela, “adin hauetan psikologiak garrantzi handia” duelako. Ba domina bat ez, bi lortu ditu etxeko taldeak ehundaka zaleren aurrean, maila gorena duen txapelketan.
Goikoetxeak urduri hasi zuen lehiaketa, baina bigarren borrokatik aurrera maila handia eman zuen. Pascualek, aldiz, kadeteko lehen urtea duen arren akats bakarra izan zuen arratsaldean, finalera pasatzea galerazi ziona; baina brontzearen lehia irabazi zuen eta beste urrats bat eman du kirol garapenean.
Antolakuntza eredugarria
Oso ondo ere Javier Estevas-Guilmain hiru borroka irabazita. Eta zer esan Jokin Galarragaz; txalo zaparrada jaso zuen Espainiako selekzio paralinpikoaren
stage-tik bueltan bere borroka azken segundutan galdu ostean. Gainontzeko taldekideen lana nabarmendu du entrenatzaileak, lehen borrokan kanporatuak izan arren erakutsiriko jarreragatik.
Aurten ere bikaina izan da Ama Guadalupekoa Nazioarteko Judo Txapelketaren antolakuntza, bikainagoa kontuan izanik aurreko ekitaldietako marka guztiak hautsi dituela. Mila lagun inguru erakarri ditu Hondarribira torneoak eta denak itzultzeko asmoz joan dira buelatan haien herrietara. 2017an 25 urte beteko ditu ekitaldiak, baina zaila izango zaio aurtengoa hobetzea. Langa oso goian jarri du klubak.
Ikusi txapelketako podio guztiak
Ama Guadalupekoa taldeko Facebook orrian.