"Ateratzen dena ateratzen dela guk lanean jarraituko dugu"
Arkaitz Aduriz Askapenako kidea
Ezin gara geldirik egon gutxi batzuek uste dutelako gure lana delitua dela; elkartasuna ez da delituaHorrek esan nahi du azkenean legez kanporatzea erabakiko balitz zuek lanean jarraituko duzuela? Hori da. Guk uste dugu hori dela gure modua adierazteko gure lana baliogarria dela, eta ez dagoela ezer txarrik bertan, eta horri jarri behar dugu mahai gainean. Hau beste behin ere eskubide zibil eta politikoen kontrako eraso bat dela uste dugu, eta balio erantsi hori horregatik da. Zenbat jendek eman du izena brigadetan parte hartzeko? Oraindik goiz da jakiteko. Kanpaina urtarrilaren hasieran jarri zen martxan, martxoaren 31ra arte. Orain brigaden zabalpena egiten ari gara. Urtero baten bat animatzen da Bidasoa mailan brigadetan parte hartzera. Euskal Herri mailan ehun inguru brigadista ateratzen dira. Zifra polita da gurea bezalako herri txiki batentzat. Zein herrialdetan lan egiten dute? Venezuela, Argentina, Uruguay, Brasil, Bolivia, Ekialdeko Sahara, Herrialde Katalanak, Andaluzia, Sardinia eta Italia. Zein helburu edo proiekturekin joango zarete? Argi eta garbi beti Euskal Herritik mundura zabalpena egiteko; alegia, Euskal Herriko borroka han ezagutzeko asmoarekin, baina baita hango esperientziak ikasteko ere. Herri antolatuak dauden guneetara joaten gara. Azkenean herri guztiek daukate beren ñabardurak askapen borroketan, eta guk gurea azaltzen dugu, eta beraiek berea. Gauza interesgarriak ikasteko intentzioarekin joaten gara. Martxoaren 31ra arte daukazue irekita izena emateko epea. Bai. Jendea animatuko nuke 2016ko brigadetan parte hartzera, Euskal Herriaz harago hamaika herri daudelako borrokan, eta denetan ezberdintasunak izanda ere, helburu berarekin: herrien askatasuna. Interesa daukanak Askapenaren webgunean sar daiteke (askapena.org) eta ja informazio konkretua nahi duenak eta argi duenak joango dela, brigadak@askapena.org helbidera idaztea.