EH Bilduk salatu duenez, erabiltzaileen esanetan, janariaren kantitatea eta kalitatea okertu da, eta zerbitzuaren inguruko informazio falta dute
Jantoki soziala
Irungo Gizarte Topaguneko eta jantoki sozialen zerbitzua okerrera doala salatu du EH Bilduk. Erabiltzaile batzuk esan dutena hartu du kontuan EH Bilduk hori arrazoitzeko, eta horien arabera, batetik, janariaren kantitatea eta kalitatea okertu da, eta bestetik, zerbitzuaren inguruko informazio falta dute, eta ez dakite zeintzuk diren jantoki sozialerako sarbiderako baldintzak.
Gizarte Topagune eta jantoki sozialean baliabiderik ez dutenei dutxatzeko, arropa garbitzeko eta egongela zerbitzua ematen diete, baita bazkaria ere. Udalak azpikontratatuta du zerbitzu hori RAIS enpresarekin, baina EH Bilduren arabera, azpikontrata kate horrek “informazioa eta arduradunak ezagutzea” galarazten du, eta horregatik zerbitzuak okerrera egitearen arrazoiak ezagutzea “ezinezkoa” da.
Gizarte Zerbitzuek ez dutela “inklusio sozialerako prozedurak ahalbidetzen” kritikatu du udal taldeak: “Sinpleki asistentzialak dira, karitatetik gertu, eta ez dute Topaguneko eta jantokiko erabiltzaileak egoera horretara eramaten dituzten problematiketan sakontzen”.
Zentzu horretan, “udalaren sentsibilitate gabezia eta gardentasun falta” salatu ditu.