Gaur eta bihar Saharako errefuxiatuentzako janaria biltzen ariko dira Irun eta Hondarribiko supermerkatuetan. Iaz 21 tona produktu lortu zituzten.
Bidasoan Tadamumek burutzen du bilketa
Egunotan elikagaiak biltzen ari dira Irun nahiz Hondarribian Tindufen (Aljeria) bizi diren Saharako errefuxiatuen kanpamentuetara bidaltzeko. Astegunean ikastetxeetan jarri dituzte elikagaiak uzteko tokiak, eta gaur eta bihar, berriz, supermerkatuetan egongo da aukera ekarpena egiteko. Guztira, 50-60 boluntario ariko dira lanean.
Ekimen hori Sahararen Aldeko Euskal Karabanaren barruan dago, eta Bidasoan Tadamumek bultzatuko du Txingudiko Sahararen Lagunen elkarteak.
Andoni Irastorza Tadamumeko kidearen esanetan, oraindik ez dute zenbatu ikastetxeetan zenbat elikagai bildu dituzten, baina beste urteetan jasotako kopuruarekin “oso kontent” daudela jakinarazi du. Orain ikusteko dago zenbat kilo jasoko dituzten supermerkatuetan; iaz, denera, 21 tona produktu lortu zituzten. Horrek Bidasoko biztanleak eskuzabalak direla erakusten du, Irastorzaren arabera. Aurten ere hori borondate hori erakusteko itxaropena du: “Urtetik urtera gehiago jasotzen baldin bada, hobeto”.
Baina zein produktu dira utzi behar direnak? Galkorrak ez direnak? Arroza, pasta, lekaleak, hegalaburra, sardinak oliotan eta konpresak. Elikagai freskoak eraman ezin dituztenez, kontserbetan dagoen arraina oso garrantzitsua dela azaldu du Irastorzak, “euren elikadura ahalik eta osoagoa izateko”.
Izan ere, Saharako errefuxiatuek 40 urte daramatzate kanpamentuetan bizitzen (180.000 lagun inguru bizi dira buztineko etxetxoetan edo dendetan), eta euren egoera “oso kaxkarra” dela esan du Irastorzak: kanpo laguntzari esker bizi dira. Gainera, bereziki, aurten, kanpo laguntza hori oraindik eta beharrezkoagoa dela gaineratu du, urrian uholdeak izan baitzituzten eta kalte ugari eragin zituzten.
Otsaila edo martxoan, Tindufera
Otsaila edo martxoa aldera abiatuko da karabana Tindufera. Bitartean, elikagaiak entregatzetik hara iritsi arte bidaia luzea egin beharko dute. Hasteko, elikagaiak bildu eta biltegira eramango dituzte. Gero han antolatu egingo dituzte eta paletetan bildu. Dena prest edukitzean kamioietan sartu eta Tinduferako bidaia hasiko dute.
Tadamumek urtero egiten du janari bilketa Bidasoan, baina bere lana ez da horretara mugatzen. Irastorzak adierazi duenez, kultur ekitaldiak (hitzaldiak, erakusketak…) antolatzen dituzte, dirua bildu Sahararen alde… Azken finean, sahararrek bizi duten egoera ezagutarazi eta salatzea da euren egiteko nagusia.
Horrez gain, Oporrak Bakean deitzen den egitasmoa du martxan, eta Saharako haurrak Irun edo Hondarribira ekartzen dituzte uda bertan pasatu dezaten. Joan den urtean lau ume ekarri zituzten, baina aurreko urteetan hamar ere ekarri izan dituzte. Familien eskaeren arabera ikusiko dute aurten zenbat izango diren geurean. Dagoeneko eskaerak egin daitezke
tadamum[a bildua]hotmail.es helbidean edota 666 50 13 50 telefono zenbakian.
Non egongo dira janariak biltzen?
Irun: Alcampo, BM Anzaran, BM San Migel, BM Serapio Mujika, Netto Mendibil, Eroski Consum (Juan Arana), Eroski Center Pinudi eta Super Amara.
Hondarribia: Eroski, Super BM, Aliprox eta Sokoa saltokietan.