Jose Luis Garcik Alfonso Sastre partaide zen Arte Nuevo mugimenduari gorazarre egingo dio otsailaren 18an, bere lehen antzerki obran.
El Bardoko kideak, ‘La taberna fantástica’-ren entsegu batean
Alfonso Sastre idazle hondarribiarrak —Madrilen jaioa, bizitza erdia eman du Hondarribian—, omenaldia jasoko du Atarrabian (Nafarroa) hilaren 23an, larunbatez. Pablo Asiainek zuzentzen duen El Bardo antzerki taldeak Sastreren
La Taberna Fantástica obra estreinatuko du Atarrabiako Kultur Etxean, eta ekitaldi txiki bat prestatu dute antzezpenaren aurretik egiteko.
Asiainek jakinarazi duenez, “onarpena bi aldeena izango da, bai Kultur Etxearena, baita Bardorena”.
Baina hori ez da dramaturgoarekin zerikusia duen gaurkotasunezko albiste bakarra. Izan ere, Jose Luis Garci zinegileak debuta egingo du antzerki zuzendari bezala, eta Madrilen 1940ko hamarkadan sorturiko Arte Nuevo kultur mugimenduko bi obra hautatu ditu horretarako, horietako bat Sastreren
Cargamento de Sueños. Beste testua Medardo Fraileren
El hermano da, eta bi lanak obra bakarrean uztartu ditu zuzendari madrildarrak
Arte Nuevo: un homenaje izenburuarekin. Otsailaren 18an izango da Garciren debuta Madrilgo Teatro Español antzokian, Alfonso Sastrek 90 urte bete baino bi egun lehenago.
Idazleak poztasun handia azaldu du Atarrabiako omenaldiagatik nahiz Madrilgo Garciren erabakiagatik, eta bi antzezpenek diktaduraren kontra altxatu zen Arte Nuevo mugimenduaren gaurkotasuna aldarrikatzeko balio dutela adierazi du.