Aste honetan izango da Hondarribian Sahararen Aldeko XII. Euskal Karabana. Udalak 500 kilo azukre erosiko ditu eta herritarrei laguntzeko eskatu die.
Tindouf errefuxiatuen eremua, Sahara basamortuan
Sahararen Aldeko XII. Euskal Karabana Hondarribira iritsi da. Gaurtik ostirala arte janari bilketa egingo dute herriko ikastetxeetan eta ostiral arratsaldean eta larunbat osoan supermerkatuetara zabalduko da. Eroski, Super BM, Aliprox eta Sokoa saltokietan bilduko dute janaria Tindoufera bidaltzeko eta lagundu nahi duenak aukera izango du. Honako produktuak jasoko dituzte: azukrea, arroza, pasta, lekaleak, hegaluzea eta sardinak oliotan, eta emakumezko konpresak.
Sahararekin Tadamum elkartea da Sahararen aldeko janari bilketa Bidasoan antolatzen duena. Hondarribian aste honetan egingo dute, eta boluntarioak behar dituzte saltokietan laguntzeko; supermerkatuetako bilketan lagundu nahi duenak 666 50 13 50 telefono zenbakira deitu behar du, eta hor azalduko diote zer eta nola egin behar duen.
Bidasoan Tadamumek burutzen du bilketa
40 urte daramatzate sahararrak Aljeriako Tindouf eremuko errefuxiatuen kanpamenduetan muturreko egoeran bizitzen eta urte horietan guztietan anitzak dira Euskal Herritik jaso dituzten elkartasun keinuak. Arantxa Berrotaran Hondarribiko Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak azaldu duenez, janari bilketa duela hamabi urte hasi zen: “Hamabigarren urtez jarraian antolatzen da Euskal Herrian Saharako errefuxiatuentzat laguntza moduko karabana solidarioa, itxaropena pizteko asmotan. Jakitun gara badagoela Hondarribian gaizki pasatzen ari den jendea, eta oso kontutan hartzen dugu eguneroko lanean Gizarte Zerbitzuetatik, baina Tindoufeko errefuxiatuen egoera oso larria da”.
Berrotaranek jakinarazi duenez, udalak 500 kilo azukre erosiko ditu herriko supermerkatuetan basamortura bidaltzeko, eta herritarrei deia luzatu die, “ahal duten neurrian laguntzeko hainbesteko beharra duten pertsona hauekin”.