Ostiral eta larunbatean supermerkatuetan egongo dira Tadamum elkarteko boluntarioak; astean zehar ikastetxeetan ariko dira elikagaiak biltzen.
Tindoufeko Saharako errefuxiatuen kanpamentua
Ostiral eta larunbatean Tadamum
Txingudiko Sahararen Lagunen elkarteak elikagaiak bilduko ditu Irunen ere Tindoufeko (Argelia) sahararren kanpamentuetarako. Irungo zenbait merkataritza zentrotan egingo dute bilketa: Alcampo, BM Anzaran, BM San Migel, BM Serapio Mujika, Netto Mendibil, Eroski Consum (Juan Arana), Eroski Center Pinudi eta Super Amara.
Horrez gain, astean zehar hainbat ikastetxetan ere jasoko dituzte elikagaiak: Leka-Enea, Belaskoenea, LH Dunboa, San Vicente de Paul, Txingudi Ikastola, Elatzeta, Toki Alai eta Bidasoa Institutua. Zentro horietan bildutako produktuak Gurutze Gorriak jasoko ditu, eta San Vicente de Pauleko DBH 4ko ikasleekin batera paketeetan sartu eta paleetan banatuko dituzte.
Kabigorrin ere jasoko dituzte elikagaiak ostegunetik larunbatera, 19:00etatik aurrera.
Galtzen ez diren elikagaiak eskatzen dituzte
Eskatzen diren elikagaiak batik bat azukrea, arroza, pasta, lekaleak, hegalaburra eta sardinak oliotan dira. Konpresak ere baliagarriak direla gaineratu dute. Kanpaina hori Euskal Herri mailan antolatzen den karabanaren barruan dago. Karabana hori otsailean aterako da Tindouf aldera.
Irungo Udalak bat egin du kanpainarekin eta arroz palet bat emango du. Horrez gain, Irungo Alcampok azukre palet bat emango du.
Tindoufeko egoera muturrekoa da, eta batik bat kanpo laguntzarengatik bizi dira bertako Saharako errefuxiatuak. Azken urteetan, ordea, egoerak okerrera egin du nazioarteko krisi ekonomikoarengatik, eta alarmak piztu dira desnutrizioa dela eta.
Udan ume sahararrak hartzeko deia
Tadamumek Oporrak Bakean kanpainarekin bat egiteko deia egin die Irungo familiei. Kanpaina horren bidez, Tindufeko kanpamentuetan bizi diren 7 eta 12 urteko ume sahararrak Euskal Herrira ekarri nahi dituzte, uda bertan pasatu dezaten. Modu horretara, helburu bikoitza lortu nahi dute, batetik, ume horiek hobeto elikatzea, eta bestetik, azterketa medikuak pasatzea.
Norbaitek interesa baldin badu Tadamum elkartearekin jarri beharko du harremanetan posta elektroniko bidez (
tadamum@hotmail.es) edota 666 50 13 50 telefono zenbakira deitu.