Farolek argia ikusiko dute
Pasaiako Portu Agintaritzak itsasargiak eskaini dizkie udalei eurek kudea ditzaten. Oarso Bidasoan bi farola daude eskaintza horren barruan: Senokozulua (Pasaia) eta Higer (Hondarribia).
«Gehienez ere 2018a baino lehen faroletan zerbait egiten hastea da helburua» David Candelario. Pasaiako Portu Agintaritza.«Orain itxaroten ari gara udalek ea proposamen zehatzagoren bat egiten diguten. Udal guztiek harrera ona egin zioten proposamenari eta interesgarria iruditu zitzaien. Pentsatzen dut laster edukiko dugula euren berri», azaldu du Candelariok. Urte honetan zehar udalak formalki interesatuak dauden jakin nahi dutela esan du Portu Agintaritzako ordezkariak, eta horren arabera tramitazioa martxan jarri, udalen hitzarmenaren bidetik edo kontzesio lehiaketaren bidetik. «Horrela, gehienez ere 2018a baino lehen faroletan zerbait egiten hastea da helburua», jakinarazi du. Farozain gutxiago Itsasargien automatizazioak farozainak geroz eta gutxiago izatea ekarri du. Horrek eragin nabarmen bat dauka faroletan: kaltetu edo zahartzea. «Eraikin batean norbait bizi ez bada, azkarrago zahartzen da. Horregatik, Portu Agintaritzaren helburua bikoitza da: batetik, eraikina erabileran egotea eta ondorioz, ondo mantenduta egoteko bideak aurkitzea, eta bestetik, eraikin berezi eta balio historiko nahiz arkitektonikokoak izanda, modu bat bilatzea publikoari irekitzeko», azaldu du Candelariok. Gainera, asko dira eraikinak bisitatzeko jasotzen dituzten eskaerak. Zentzu horretan, Senokozulua eta Higerreko farolak nahiko egoera onean daudela argitu du Portu Agintaritzako ordezkariak, eta Higerren, gainera, lanak egiten ari dira aurtengo neguan. Dorrean ur filtrazioak atzeman zituzten eta horrek eskailera kaltetu zuen. Eskailera farola eraiki zen garaikoa da (1881), oso berezia, eta hori desmuntatu eta erabat berriztatu dute. Orain dorreko harriak konpondu eta margotzea falta da, eta urtarrilaren bukaeran egitea espero dute. Candelarioren arabera, aukera zabala egon daiteke farolei erabilpen bat ematerako garaian: hotela, kafetegia, aterpetxea, interpretazio zentroa… baina benetan aurrera ateratzeko modukoak diren proposamenak agian ez direla horrenbeste esan du. Hainbat alderdi kontuan hartu behar dira, esate baterako, irisgarritasuna: «Horregatik, farola bakoitzaren aukerak banan-banan aztertu behar dira». Senokozulua eta Higerri dagokionez, bigarrena da erabilera aukera zabalena eskaintzen duena, Candelarioren iritziz: «Higerrekoa da aukera gehien dituena: irisgarritasunaren aldetik ez du muga handirik, eta ondo komunikatuta dago. Senokozuluak, berriz, muga handiak ditu, batik bat irisgarritasunaren aldetik». Aukerak direnak direla, biak argi izpiaren zain daude.
Udalek oraindik ez dute erabakirik hartu Portuaren eskaintzaren inguruan
Pasaia nahiz Hondarribiko udalak aztertzen ari dira Pasaiako portuak euren udalerrietan dauden farolak kudeatzeko eginiko eskaintza. Oraindik ez batak eta ez besteak ez dute erabakirik hartu Senokozulua eta Higerreko itsasargien gainean. Pasaian bada beste itsasargi bat, Platakoa, baina, oraingoz ez dio eragingo. Miriam Cano Pasaiako Udaleko Kultura zinegotziaren arabera, zer eta nola egin aztertzen ari dira, «aukera ez galtzeko eta herriarentzat espazio ireki bezala errekuperatzeko». Itsasargiari garrantzia ematen diotela gaineratu du, «Done Jakue bidean kokatuta dagoelako, eta toki zoragarria delako». Hala ere, onartu du teknikoki ez dela erraza Senokozuluari hainbat erabilpen ematea, zenbait muga fisiko zein administratibo baititu. Irisgarritasuna aipatu du, batik bat, eta hori ere lanak egiterako garaian beste zailtasun bat izango litzatekeela esan du.«Udalarentzat zaila da horretan sartzea, baina beste bideak ere aztertzen ari gara» Miriam Cano. Pasaiako Kultura zinegotziaHorrez gain, farolaren egoera nahiko txarra dela jakinarazi du, eta «obra handia» edukiko lukeela: «Printzipioz, udalarentzat zaila da, daukagun egoera ekonomikoa dela eta, horretan sartzea. Begiratzen ari gara ere beste bide batzuk itsasargia herriarentzako errekuperatzeko». Aukeren artean egon daitezke interpretazio zentro bat edo Done Jakue bidearekin lotutako zerbait egitea. Eperik ez daukate jarrita, baina uda aurretik erabakiren bat hartuko dutela uste du Canok. Partida bat Hondarribian Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkatearen esanetan, gaia aztertzen ari da udala: «Oraindik ez dugu ez proiektu ezta datarik ere, eta gaia tentuz eta sakon aztertu behar dugu». Hori bai, abenduaren 17ko udalbatzarrean 7.500 euroko partida bat bideratu zuten proiektu bat idazteko edota azterketa bat egiteko. Ikerketa egin ondoren erabakiko dute zein proiekturi heldu.
«Ez dugu ez proiektu ezta datarik ere; gaia tentuz eta sakon aztertu behar dugu» Txomin Sagarzazu. Hondarribiko alkatea.Abotsanitzek eta EH Bilduk itsasargirako proposamen bana egin dute, eta udalari aukera ez galtzeko eskatu diote. Abotsanitzen proiektuak «heziketa, aisialdia eta turismo berdea» uztartuko lituzke. Egitasmo hori hiru fasetan egingo litzatekeela azaldu du Igor Enparan Abotsanitzeko zinegotziak. Lehen fasean, proiektuarekin zerikusia izan dezaketen erakundeekin aukerak aztertuko lirateke. Bigarrenean, itsasargia berritzeko heziketa programa bat martxan jarri «Guadalupeko gotorlekuarekin egin zen bezala», adostutako erabileren espazio izateko. Azken fasea herritarrei farola irekitzea litzateke, aldi berean, formazio eta aisia gune izanez. EH Bilduk harrera etxe edo interpretazio zentro bat irekitzea proposatu du itsasargian. Zentro horretan, informazioa emateaz aparte, zentralizatuko lirateke egon daitezkeen beste zerbitzu eta ibilaldi kulturalak. Udal taldeak farolaren garrantzia nabarmendu du, eta hori jakinarazi eta transmititu behar dela. Horregatik, farolaren beraren historia eta ezaugarriak emateaz aparte, Jaizkibel eta bertako ingurune natural eta historikoaren gaineko informazioa ematea proposatu du. Udalak farola beregain hartu eta hori egokitu beharko lukeela iritzi dio.
Senokozulua
Kokapena. Pasaiako portuko bokalean dago, Uliarako bidean. Urtea. 1909. Arkitektoa. Joaquin Argedas. Neurriak. 19,2×6,5 metro. Terraza batek eraikina inguratzen du. Eraikinaren deskribapena. Fatxada hareharrizko blokez osatua dago, eta estalkia egur eta fibrozementuzkoa da. Linternara kiribil itxurako eskailera batzuek eramaten dute. Lehen zatian harrizkoak dira, eta bukaerakoan metalezkoak. Dorrearen fabrikak altzairuzko zortzi muntaga ditu horman sartuta.
Higer
Kokapena. Bidasoa ibaiaren bokalearen eta Jaizkibel mendiaren artean dago. Urtea. 1881. Arkitektoa. Francisco Lafarga. Neurriak. 23,5×9 metro. Solairu bakarra dauka, sotoa eta ganbara. Eraikinaren deskribapena. Solairua korridore batek banatzen du bitan. Bi tokitan bizilekuak daude, eta horietako batean makina gela. Farolaren linternara joateko kiribil formako eskaileretatik igotzen da. Lehen zatia harrizkoa da, eta bigarrena metalezkoa. Dorrearen azpialdea karratua da, eta goialdea zilindrikoa.