"Brigada hauek Espainiako Erreinuari hainbeste min egiten dioten ikuspegi politiko internazionalista, abertzale eta herritarrean kokatzen ditugu", gaineratu du Irungo Askapenak.
Herri epaiketa egin dute gaur eguerdian, San Juan plazan
Askapenaren kontrako epaiketaren testuinguruan, 2016ko brigadek “balio politiko erantsia” izango dutela jakinarazi du Irungo Askapenak. “Brigada hauek Espainiako Erreinuari hainbeste min egiten dioten ikuspegi politiko internazionalista, abertzale eta herritarrean kokatzen ditugu”, gaineratu du.
Hain zuzen, joan den urrian Espainiako Auzitegi Nazionalean egin zuten Askapenaren kontrako epaiketaren ondoren, sententziaren zain daude, eta hori “edozein unetan” etor daiteke. Askapena bera legez kanpo uztea eta bertako bost kiderentzako seina urteko kartzela zigorra eskatzen dute, ETArekin harremana dutelakoan. Walter Wendelin, Gabi Basañez, David Soto, Aritz Ganboa eta Unai Vazquez dira sei kideak.
Milaka brigadista
Irungo Askapenak gogorarazi duenez, 30tik gora urtetan milaka lagunek parte hartu dute nazioarteko brigadetan: “Argi dugu brigadak lanabes garrantzizkoak direla askatasun sozial zein nazionalaren alde borrokan dirauten herrien arteko zubiak eraikitzeko, baita Euskal Herri internazionalista eta antiinperialista sortzeko ere”.
Hala, herritar guztiak animatu dituzte bertan parte hartzera. Izena martxoaren 31 baino lehen eman behar da
Askapenaren webgunean edo
brigadak[abildua]askapena.org webgunera idatzi.