Xabi Taberna hondarribiarra Espainiako piraguismoko ur bizietako entrenatzaileetako bat da. Besteren artean, Ander Elosegi irundarrarekin ari da lanean eta berarekin laugarren bi postu lortu zituen Pekingo eta Londresko olinpiar jokoetan.
Bidasoa ibaian entrenatzen da Espainiako selekzioko euskal taldea, San Migelen
Xabier edo Xabi?
Xabi, beti mundu guztiak Xabi esaten dit.
Eta Espainia aldean nola esaten dizute?
Katalunian Txabi, eta Espainia aldean Sabi eta horrelakoak.
Asmatzen dute ahozkatzen…
[Barrez eta burua mugitzen] Bai, batzuetan.
Espainiako piraguismoko ur bizietako selekzioko entrenatzaileetako bat zara zu? Zenbat piraguista entrenatzen dituzu?
Euskadiko taldean hiru, Ander Elosegi irundarra, eta Irati Goikoetxea eta Jon Erguin donostiarrak, eta beste batzuetan gazteak etortzen dira gurekin.
Baina ez zara entrenatzaile bakarra, ez?
Ez, hiru gara. Guneka banatzen ditugu lanak. Bi gune daude, Euskal Herrikoa eta Kataluniakoa [Seu Urgellen, Lleidan], eta gero kontzentrazioetan elkarrekin aritzen gara selekzio moduan.
Kataluniako gunean ere piraguista euskaldunak daude, Maialen Chorraut lasartearra eta Joan Crespo eta Samuel Hernanz donostiarrak [Hernanz Tarben jaioa da]. Gipuzkoarrak dira selekzioko euskal piraguista guztiak?
Bai, momentuz bai. Normala da ur bizietan. Hemen, San Migelen [Bidasoa ibaiko ur bizietako eremua, Irunen] beti gaude entrenatzen, jendea hona etortzen da, eta jende ona hemendik ateratzen da.
Lanbide hau izanik, pentsatzekoa da zu piraguismo zalea izango zarela.
[Barre egin du] Bai, dezente.
Eta, noiztik?
Ba hasi nintzenetik, hamabi urte nituenetik.
Beti ur bizitan?
Bai, beti ur bizitan. Udako ikastaro bat egin nuen, asko gustatu zitzaidan eta giro ona sortu zen lehenengo unetik. Harrapatu ninduen eta ordutik beti jarraitu dut piraguaz ibiltzen. 2003-2004an utzi nuen, eta klubean [Santiagotarrak] entrenatzaile bezala hasi nintzen.
Ikastaro hura Irunen egin zenuen?
Bai, Santiagotarrak elkartean hasi nintzen. 1990eko martxoan, oso ondo gogoratzen dut, mugarri bat izan zelako nire bizitzan. Hortik aurrera lehenengo udara San Migelen ibili nintzen. San Migel izan da beti atrakzio parke bat bezala niretzat. Beti hemen ibili naiz, San Migel da nire lekua.
Maila goreneko kirolariekin egiten duzu lan, baina etxetik urrats batera.
Ba bai, ezin da gehiago eskatu.
Formazioa non egin zenuen? Non formatu zara entrenatzaile bezala?
Hiru entrenatzaile maila daude, hirugarrena Espainiako entrenatzaile titulua da. Horiek egin nituen. Aurretik unibertsitatean izan nintzen, baina gauza erabat desberdina egiten, filosofia. Hiru urte egin nituen filosofia ikasten baina ikusten nuen nire bidea kirolarena zela, eta aldaketa egin nuen.
Noiztik zara Espainiako selekzioko entrenatzailea?
2006tik. Lehen bidaia Txilera izan zen. Hortik aurrera nabil.
Mugarri bat aipatu duzu, 1990ko martxoa. Beste bat duela lau urte bizitu zenuen, Espainiako ur bizietako selekzioak olinpiar jokoetan inoiz lortu gabeko emaitzak lortu zituenean. Nola gogoratzen duzu Londreskoa?
Emozioz. Azkenean helburua zen domina bat lortzea, eta behar genuen. Maialenek [Chorraut] lortu zuenean, poza handia izan zen, sekulako sentsazioa. Baina domina horrez gain postu onak ere lort genituen, laugarren bat eta bosgarren bat, bi diploma gehiago, helburu guztiak lortuak eta oso pozik, bai.
Lehenengo esperientzia Pekinen izan zen, Elosegirekin, laugarren postua lortu zuen, hor ere kontent, baina Londresen gehiago izan zen, berriro Elosegiren laugarren postua, Maialenen brontzezko domina, bosgarren bat, Samuel Hernanzek lortu zuena…
Taberna, Elosegiren saioa zuzentzen Bidasoa ibaiko San Migel eremuan
2016an sartu gara, Rio Janeiroko olinpiar jokoen urtea. Noiz hasi zineten Rio prestatzen?
Londresko jokoak bukatu zirenean hasi ginen Riokoak prestatzen. Gure helburua da hori.
Zein da zehazki zure lana selekzioan?
Nire lana da Euskal Herriko guneko kirolarien prestakuntzaz arduratzea. Horrek inplikatzen du urteroko plangintza egitea eta beraien egunerokotasunean lan egitea, uretara etorri, gimnasioan ibili…
Eta, bidaia asko?
Bai [burua jaitsi du]. Aste asko, urtean aste asko kanpoan, mundu guztian zehar bidaiatu behar dugu. Munduko Kopak, txapelketak…
Behintzat, zure ardura dauden kirolariak gipuzkoarrak izatea abantaila izango da, ez?
Bai. Lau urte izan nintzen Katalunian, Seu Urgellen, 2009tik 2013ra, eta orduan erabakia hartu nuen etortzeko. Ikusi genuen bazegoela proiektu bat hemen gazteekin, transmisio estruktural bat bazegoela, eta hemen hasi nintzen lanean. Eta oso pozik nago, egia esan.
Euskal Herrian zaudetenean San Migelen entrenatzen duzue. Nolako lekua da entrenatzeko?
Guretzat oso oinarrizkoa da. Txikientzat oso ondo dago, ikasteko, abiadura txikiko erreka delako, baina guretzat oinarrizkoa da, osagarri bezala erabiltzen dugu bakarrik.
Behi potoloen garaian izan zen proiektu bat, Irunen, Osinbiribil parkean olinpiar mailako ur bizietako kanal bat eraikitzeko. Ezagutuko al dugu inoiz azpiegitura hori?
Nik esperantza guztia galdu dut. Urte asko dira, beti ‘bai, baina itxaron, orain ez, igual hau egin, beste hau hobe’… Nire ustez, gainera ez da momentua, baina ez dugu lortuko horrelako azpiegiturarik edukitzea. Gogoratzen naiz behin esan zidatela, ‘lortu dugu ja, eta eskatuko dugu 2005eko Munduko Txapelketa’. Pentsa. Gauza horiek guztiak hor geratzen dira eta listo. Orain erronka da daukaguna onartu eta hortik talde estruktura sortzea.
Orain gutxi izan zarete Rio Janeiron, olinpiar jokoetarako eraiki duten kanala probatzen. Zer nolako azpiegitura da?
[Azkar erantzunez] Kanala ondo dago. Aro berria sortu da kanalen inguruan, aurreko jokoetan desnibel handiko kanalak egiten ziren, eta geroz eta aldapa handiagoa, geroz eta aurrekontu handiagoa behar da ura ponpa elektrikoen bitartez igotzeko. Asuntoa aldatu da, desnibel gutxiagorekin egiten dira kanalak eta ez dago hainbesteko ur mugimendurik. Baina bueno, azkenean kanal bat da, errekaren oso antzerakoa, eta hor lehiatu behar garenez ez zaigu axola nolakoa den, baizik eta ondo landu, ezagutu eta ahal dugun hobeto prestatu.
Olinpiar jokoak antolatzen dituen herrialdeak dirutza inbertitu behar du, batez ere azpiegituretan. Baina Riok badu beste aurpegi bat ezaguna dena, pobreziari lotutakoa. Aukera izan al duzue zuek kontraste hori ikusteko?
Bai, bai, bai [aurpegia aldatu zaio]. Gainera, kanalean sartzen zarenean ezkerretara favela antzerako bat dago, eta kanala eskuinetara. Egunero hortzik gabeko emakume batek agurtzen gintuen bere etxetxotik, eta hori zen ikusten zena, alde batera pobrezia eta bestera gu, gure piraguekin eta gure bizimoduarekin.
Asko eta leku askotara bidaiatu behar izan duzu. Horrelakorik ikusi al duzu lehenago?
Inoiz ez, inoiz ez [burua mugituz]. Pekinen ikusiko nuela uste nuen, baina ez nuen horrelakorik ikusi. Brasilen izan da lehen aldiz, eta Brasilen egondakoak gara aurretik, baina ez horrelako hiri handi batean, eta nahiko hunkigarria izan da. Iritsi bezain pronto, aireportutik atera eta bidean dena ziren favelak, izugarria zen. Hoteletik ere gomendioa zen ez ateratzekoa, eta korrika hotel barruan egin behar genuen… Bizimodu nahiko arraroa, kirolarientzat ez delako oso erosoa horrela ibili behar izatea. Egia da bizitza horrekin alderatuta gure erosotasuna ez dela oso inportantea, baina egoera horiek ikustea ez da erosoa kirolarientzat.
Beste azpiegiturak ikusi dituzue? Lanak ondo ote doazen ikusi al duzue?
Gure eremuan egon ginen, baina bi aldiz beste zonalde batera joan ginen. Azpiegiturak ondo doazela zirudien. Ez genuen gehiegi kontrolatu, ez genekien ze instalazio ziren ikusten zirenak, baina bukatuta zeuden. Adibidez, ur bizietako kanalaren ondoko azpiegitura BMX pista izango da, eta hori ere ondo zegoen, bukatuta.
Izango duzue jokoen aurretik hara bueltatzeko aukera?
Diseinu guztia egina dago, eta ateak [slalom zirkuitua osatzen dutenak] azken egunean jartzen dituzte, trazadore batzuk arduratzen dira horretaz, zirkuitua sortzeaz. Bi zirkuitu izaten dira eta azken egunean erabakitzen dira. Aurretik hiru entrenamendu epe egongo dira, hamar egunekoa gutxi gorabehera bakoitza, eta hor ibiliko gara. Nesken K1eko plaza dagoeneko badugu, ez dakigu zeinentzat baina erreserba egina dago [Chorrautek aurreko jokoetan lortutakoa da, baina federazioarentzat lortu zuen, ez beretzat]. Apirila aldera joango gara, eta maiatza, ekaina, uztailean ere.
Jokoei begira, zeintzuk izango dira aurtengo txapelketa nagusiak zuentzat?
Aurten Europako Txapelketa, hor lortu ditzakegulako falta zaizkigun lekuak. Gure helburua hor ondo egitea izango da, plazak lortzeko. Gero Munduko Kopak daude, piraguista olinpikoentzat prestakuntzarako izango direnak, eta olinpiar jokoak eta gero beste Munduko Kopa batzuk egongo dira, baina horiek gazteentzat erabiliko ditugu.
Ander Elosegi, aste honetan San Migelen
Riotik, zein emaitzarekin itzuli nahiko zenuke Hondarribira?
Maialenek [Chorraut] oraingoz erakutsi du ondo dagoela, sasoiz eta, lehiaketa gehienetan domina atera du edo hor ibili da. Europako txapelduna da, eta gure analisien arabera, domina bat ateratzea ez da gehiegi eskatzea, nahiko normal bezala ikusten dugu, nahiz eta slalomean, eta kirolean oro har, gauza arraroak gerta daitezkeen.
Eta gero ez dakit, ikusiko dugu Elosegi edo Jon Erguin ote doazen [plaza lortu behar dute lehenago]. Elosegi joango balitz, laugarren postua hobetzea, hori da eskatzen duguna, beti postu bat hobetzea edo berdintzea. Baina [burua mugituz] ez da erraza, ez da erraza hirugarren, laugarren edo bosgarren geratzea, ez da erraza diploma lortzea —lehen zortziek lortzen dute—. Baina hori eskatzen dugu, behintzat zortzi lehenetan sartzea, eta hortik aurrera, ahalik eta hoberen sailkatzea.
Duela lau urtekoa errepikatzea litzateke hori.
Bai. Hori da eskatzen duguna. Ez da erraza, gauzak ez direlako debalde gertatzen, krisiak eragin izan du, eta agerian geratu da zenbat inbertsio egin daitezkeen azpiegitura edo ekipoarekin, eta horrek ere igual bere faktura pasa dezake. Baina helburua hori da, eta horretan dihardugu lanean.