Euskadiko Aulki Mugikorreko Distantzia Luzeko Txapelketa egingo dute igande goizean, kadete, gazte eta senior mailetan. Hondarriboia Arraun Elkarteak hiru zortzikoak irabazi nahi ditu.
Euskadiko Aulki Mugikorreko Distantzia Luzeko Txapelketa egingo dute igande goizean Bilbon. 10:00etatik aurrera korrontearen kontra ariko dira arraunlariak eta helmuga udaletxearen inguruan jarriko dute. Hiru mailetan egingo da txapelketa, seniorretan, gazteetan eta kadeteetan; haurrak, beraz, ez dira lehiatuko.
Hondarribia Arraun Elkarteak hamar ontzirekin bidaiatuko du Bilbora, eta elkarteko arduradunek adierazi dute joan den astean Gipuzkoako Txapelketan lortutako emaitzak errepikatzeko helburua dutela. Larunbatean jokatu zen Gipuzkoakoa Bidasoan, eta Hondarribiak bost proba irabazi zituen, horien artean helduen, gazteen eta kadeteen 8+ modalitateko estropadak. “Hau izango da ontzi hauen helburua, hau da, Euskadiko Txapelketa Hondarribira ekartzea hiru maila hauetan”, esan dute.
Guztira 80 ontzi eta 300 arraunlari baino gehiagok parte hartuko dute igandean Bilboko lehian. Proba erreginean, nagusien zortzikoan, Santurtzi, Zierbena, San Juan eta Hondarribia lehiatuko dira. Berdeek iazko eskifaia berbera aurkeztuko dute (irudikoa), harrobiko kirolariz osatua.
Hondarribia Arraun elkarteko nagusien 8+a, iazko Euskadiko Txapelketan