Gipuzkoako txapelketan 26 domina lortu ditu Leka Eneak
Leka Enean proiekzio handienetakoa duen jokalarietako batek, Jon Ander Gerrikabeitiak, urrezko domina jantzi zuen 23 urtez azpikoetan.
Joan den asteburuan Mahai Teniseko Gipuzkoako Txapelketa jokatu zuten Irunen, eta etxeko taldeak, Leka-Eneak, maila ona eskaintzeaz gain, bere harrobia indartsu datorrela erakutsi zuen. Izan ere, jokatu zuen hamalau kategorietan, guztietan, batean izan ezik (mutilen bakarkako Haur Maila), lortu dute podiumera igotzea.
Urrezko domina jantzi zuen 23 urtez azpikoetan Jon Ander Gerrikabeitiak. Bera jotzen dute taldean proiekzio handienetako jokalari gisa. Leyre Chavesek ere asteburu biribila izan zuen Haur eta Gazte mailan (batu egin zituzten bi mailak) urrezko domina jantzita. Hain zuzen, herritar bat garaitu zuen finalean: Elene Sagardia. Horrez gain, binaka ere urrezko domina lortu zuen Ane Riberarekin batera.
Mutiletan ere binakako 23 urtez azpikoen finalean nagusi izan ziren Alain Robledo eta Julen Sancho, Unai Loiarte eta Xabier Diez taldekideen kontra.
Azkenik, Helduen Mailan podiuma Leka Eneako hiru jokalarik osatu zuten: Daniel Palacios, Iker Martinez eta Victor Martinez.
Atsedenaren ostean, lanera
Leka Eneako Superdibisioko bi taldeak lehiaketara bueltatuko dira Gabonetako atsedenaldiaren ondoren. Mutilek San Sebastian de los Reyesen kontra abenduko emaitza onei jarraipena eman nahiko diete, eta neskek, berriz, kontrakoa: emaitza txarrak iraultzea izango dute helburu School Zaragoza.