Munduko eskubaloi selekzio onenek parte hartuko dute bihartik igandera Domingo Barcenas oroitaldian: Espainia, Suedia, Polonia eta Brasil.
Julen Aginagalde
Bihar hasi eta hiru egunez, Irun eskubaloiaren hiri izango da, Domingo Barcenas oroitaldiarekin. Munduko eskubaloi selekzio onenek parte hartuko dute oroitaldi horretan: Espainia, Suedia, Polonia eta Brasil.
Dagoeneko selekzio guztiak Irunen dira, eta egunotan entrenatzen ari dira Artalekun. Gaur izango da aukera bakarra entrenamendu bat ikusteko, 17:00etatik aurrera. Izan ere, ateak irekiko dituzte Espainiako selekzioaren lan saioa ikusteko. Irundarrek herriko izarrarekin argazkia atera eta bere sinadura etxera eramateko aukera izango dute: Julen Aginagalde. Egunotan Irungo Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak harrera egin diete Espainiako selekzioari.
Partidak bihar hasiko dira. Lehenengoa, Polonia eta Brasilen artekoa izango da, 18:45etik aurrera, eta segidan, Espainia eta Suediaren artekoa izango da, 20:45ean.
Sarrerak
Interneten edo leihatilan eros daitezke aurretik (10:30-13:00 eta 17:30-20:00). Hiru jardunaldietarako bonuek 40 euro balio dute, eta egunera arte itxaronez gero 50 euro. Partida bakoitzak 20 euro balio du.
Partiden egutegia
- Bihar: Polonia-Brasil (18:45) eta Espainia-Suedia (20:45)
- Etzi: Suedia-Polonia (16:00) eta Espainia-Brasil (18:00)
- Igandean: Brasil-Suedia (11:00) eta Espainia-Polonia (13:00)