Udalak Letxunborro etorbideko makalak mozteko emandako arrazoiak sinesgarritasun gabekoak direla esan du Ekologistak Martxan-ek, eta zuhaitz bakoitzaren kasua banan-banan aztertu behar dela.
Makalak
Ekologistak Martxan-ek udalak Letxunborro etorbidean dauden makalak mozteko erabakia salatu du, eta hiriko beste zenbait tokitan dauden espezie horretako zuhaitzak kentzeko asmoa ere kritikatu du. “Irunen izan ezik” beste hirietan, zuhaitz mota horiek “errespetatzen” direla azaldu du talde ekologistak: “Madrilen eta Bartzelonan, adibidez, mantendu eta zaintzen dituzte makalak, baita 50 urtetik gorakoak ere, herritarrentzat inongo arazorik sortu gabe”.
Udalak zuhaitz horiek mozteko emandako arrazoiak “onartezinak” eta “sinesgarritasun gabekoak” direla iritzi dio Ekologistak Martxan-ek: “Landetxan makal batzuk erori eta hainbat kalte eragin izanak ez du justifikatzen hiriko makal guztiak kentzeko erabakia”. Irizpide hori “ezohikoa” dela esan du, zuhaitz bakoitza banan-banan aztertu behar delako.
Hiriko zuhaitzen kudeaketa aldatu behar dela uste du talde ekologistak, eta Madril edo Europako beste hirietan egiten den kudeaketara hurbildu.