Urtero egiten duen moduan, Olentzero menditik herrietara jaitsiko da, eta Irunen ere geldialdia egingo du, 16:30ean.
Batzuk oporretan direla, lan egun gogor eta luzea izango du bihar beste norbaitek: Olentzerok. Urtero egiten duen moduan, menditik herrietara jaitsiko da, eta Irunen ere geldialdia egingo du. 16:30ean espero da bere etorrera.
Betti Gotti euskara elkarteak antolatu du desfilea, eta EKT, Santiagoko Deabruak, Eguzkitza ikastetxeko guraso elkartea, Auntza Trikitixa Eskola eta Txorimaloak soinu taldeak ere parte hartuko dute.
Erdialdeko zenbait kale zeharkatuko ditu: Geltoki kalea, Colon pasealekua, Foruen kalea, Karrika Nagusia, San Juan plaza eta Jenaro Etxeandia plaza. Hortxe egingo du geldialdia, 17:30 inguruan, eta 20:00ak arte haurren eskutitzak jasotzen ariko da.
Abesbatzak, San Juan plazan
Gabon gaua musikaz beteko dute San Juan plazan. Izan ere, herriko zortzi abesbatzek kontzertua eskainiko dute, 19:00etatik aurrera.
- 19:00: Nayade abesbatza
- 19:09: San Juan Arri guraso elkartea
- 19:18: Santiagotarrak
- 19:27: El Pilar ikastetxeko haur eta gurasoak
- 19:36: Larreaundi abesbatza
- 19:45: Atzokoak abesbatza
- 19:54: Luis Mariano Lirika Elkartea
- 20:03: Ametsa abesbatza, Ametsa Txiki eta Txiki-Txikia.