Ortega eta Silanes, kanpandorrean, aurkezpenaren ondoren
Hondarribiko kanpandorrea goiburuko liburua aurkeztuko dute gaur udaletxeko areto nagusian, 19:00etan. Koldo Ortega da egilea eta
Arma Plaza Fundazioak argitaratu du. 2013 urtean kanpandorrea zaharberritzen hasi zen fundazioa, eta konponketa prozesua aitzakia ona izan da parrokiko dorrea eta kanpai multzoa balorean jartzeko.
Atzo egin zuten liburuaren aurkezpena eta bertan kanpaiak egoera txarrean zeudela gogorarazi zuen Kalixa Silanes Kultura zinegotziak: “Kanpai joleak, Jose Luis Arbelaiz buru zutela, Arma Plaza Fundazioarekin harremanetan jarri ziren adierazteko kezkatuta zeudela kanpaiek zuten kontserbazio egoerarekin”. Crowfunding kanpaina abiatu zuen fundazioak kanpaiak lehengoratzeko, eta erantzuna “harrigarria eta eskertzekoa” izan zela gaineratu zuen Silanesek: “Boluntarioen ekarpen ekonomikoei esker kanpaietako baten artesia konpondu zen, eta Udalaren laguntzarekin beste bi kanpaia berritu ziren”.
Zaharberritze prozesua DVDan jaso dute, eta konponketen ondoren grabatutako kanpai joaldiak gehitu dizkiote. Ortegaren liburuarekin batera salduko da DVDa.
Hondarribiko kanpandorrea liburuaren egilea pozik azaldu zen “hondarribiarrentzat ikonoa” den monumentuaz idazteko aukera izateagatik, “hiriaren silueta eta bertako historiaren alderdietako bat baita”. Liburuan, dorreak historian zehar izandako erabilera desberdinak azaldu ditu Ortegak: “Liburua egituratzerakoan kontuan hartu da, batez ere, batetik kanpandorrearen izan duen nagusitasuna hiriak historian zehar jasandako gorabeheretan, bigarrenik Erdi Aroan Udalaren egoitza izan zeneko aldia, hirugarrenik Francisco de Iberok 1762an eraiki izana”. Noski, kanpai multzoaz ere idatzi du Ortegak, kanpaiak deskribatuz eta literatura idatzian izan duten protagonismoa jasoz.
Liburua eta DVDa erosi nahi duenak ezingo du ostirala arte egin. Egun horretan jarriko dute salgai, 22 euroan, hiriko hiru lekutan: Arma Plazan kultur eta turismo gunean eta Portuan, Olearso eta Artzu liburu dendetan. 22 euro da
Hondarribiko kanpandorrea liburuaren prezioa.