Kartelarekin bildutako dirua Santo Domingoko Los niños de mi barrio eskolara bideratuko dute.
Santo Domingoko haurrak
Ume batzuek egindako marrazki bat sinplea izan daiteke itxura batean, baina oso baliagarri izan daiteke kasu batzuetan. Irungo Udal Marrazketa eta Pintura ikasleek egindako kartelaren kasuan bezala. Kartel solidarioa da,
Umeek umeentzat izena duena, eta bildutako diruarekin Santo Domingon bizi diren ume behartsuak lagundu nahi dituzte.
Kartelak Dominikar Errepublikara bidaiatuko du, eta Irundik “kolorea, poza, berotasuna, ilusioa eta irribarreak” bidaliko dizkiete, Gabonei begira. Zehazki, Los niños de mi barrio eskolan egingo du geldialdia kartelak. Duela bost urte sortu zuten.
Bildutako dirua eskolak bizirautera bideratuko dute, horrela, haurrek hezkuntza jaso dezaten, euren herrialdeko etorkizun izateko. Kartelak 5 euro balio du, eta udaleko Kultura departamenduan (Urdanibia plazako Ospitale zaharrean), CBAn, Amaia KZn, Luis Marianoko Turismo Bulegoan eta Udal Marrazketa eta Pintura Eskolan eskura daiteke (Fabiola Erregina 28).