Hilaren 31 arrasaldean egingo da VI. Hondarribiko San Silbestre Solidarioa. Abay Etiopiarentzat izango da aurtengo diru-bilketa.
Gaur aurkeztu dute VI. San Silbestre Solidarioa
Seigarren ekitaldia beteko du aurten
Sport Mundi Gobernuz Kanpoko Erakundeak antolatzen duen Hondarribiko San Silbestre Solidarioa herri lasterketak. 2.500 lagunentzako prestatu dute proba eta antolatzaileek uste dute muga horretara iritsiko direla. Hilaren 31 arratsaldean egingo dute, Zuloaga kaletik abiatuta; helmuga ere leku berean izango da. Aurten,
Abay Etiopia GKEk Walmaran duen Kanguro Haurreskolara bideratuko dute bildutako dirua.
Gaur goizean aurkeztu dute udaletxean VI. Hondarribiko San Silbestre Solidarioa. Bertan izan dira Txomin Sagarzazu alkatea, Juanan Garcia Sport Mundiko kidea eta Iñaki Astudillo Abay Etiopiako arduraduna.
Alkateak adierazi du denbora gutxian herrian “oso ezaguna” egin dela Hondarribiko San Silbestre Solidarioa: “Hemen atzean argazki bat dago, baina urtero argazki asko ikusten ditugu eta argazkietan neskak, mutilak, emakumeak, gizonak, gazteak, helduak, adin batekoak… ikusten dira. Alde horretatik da ezaguna”. San Silbestreari esker urteko azken egunean herrian bizitzen den giroa nabarmendu du Sagarzazuk: “Hondarribiko kaleek badute ordutegi jakin batean jende mordoa kirol eta elkartasun jardunaldi honen bidez”.
Juanan Garcia, alkatearekin
Garciak onartu du orain sei urte lehen San Silbestrea antolatu zutenean ezin zutela imajinatu “hain urruti” iritsiko zirenik. “Aldiz, egun ezin dugu imajinatu abenduaren 31 lasterketa gabe”. Bere ustez, arrazoi asko daude arrakasta hori azaltzeko: “Herria, ibilbidea, alde solidarioa, ahoz ahokoa, baina batez ere festa giroa, lortu dugula ekitaldia festa bat izatea”.
Orain arte 1.400 lagun dira izena eman dutenak, “%40a emakumeak” Sport Mundiko kideak jakinarazi duenez. Izena eman nahi duenak
kirolprobak plataformaren bidez egin dezake, 15 euro ordainduta. Bildutako dirua gastuak ordaindu eta Abay Etiopia erakundearen Kanguro Haurtzaindegia proiektua diruz laguntzeko erabiliko dute.
Kanguro haurreskola laguntzeko
GKEren ordezkariak eskerrak eman die antolatzaileei “gurekin kontatzeagatik. Erakunde txikia gara eta San Silbestrea gurekin gogoratzea oparia da, indarra ematen diguna, baita egiten dugun lanaren errekonozimendua”.
Kanguro Haurtzaindegia Walmara herrian Abay Etiopiak abian duten proiektua da. GKEk bederatzi moduluko erabilera anitzeko eraikin bat du Walmaran, eta haurtzaindegiak hiru modulu hartzen ditu. “Lehen hezkuntza zazpi urterekin hasten dute, eta horrek eragiten du anai arreba nagusiek txikiez arduratu behar izatea”, azaldu du Astudillok.
Hala, haurtzaindegian 3-7 urteko haurrak jasotzen dituzte eta zaintza integrala eskaintzen diete “garbiketa, hezkuntza eta elikadura”. Hori horrela, “komunitatea garatzeko zentro garrantzitsua” bihurtu dela baieztatu du Abay Etiopiako arduradunak, haurren ardura hartzen duenez, euren anai arrebek aukera izaten dutelako formatzeko edo lan egiteko.