"Umearen duintasuna babestea izaten da gure helburu nagusia"
Ainhoa Martinez Arrieta jostailuen bilketa kanpainako Hondarribiko arduraduna
Noiztik zara Gurutze Gorriko boluntarioa?
Duela hamasei urtetik. Denbora librea beste modu batera pasatzeko beharra nuen, zerbait desberdina egiteko. Anbulantziaren istorioarekin hasi nintzen, garai hartan gehienak bezala. Sanitario ikastaroa egin eta sartzen ginen anbulantzian. Ni sartu nintzenean sortu genuen Gazteen Gurutze Gorria, asteburuetan aisialdia lantzeko. Aurretik ere izan zen, baina garaiak daude, boluntario kopuruarena arabera, ziklikoa izaten da hori.
Zenbat boluntario zarete guztira Hondarribiko egoitzan?
Urtean zehar 50 boluntario inguru. Zerrendan gehiago gara, baina gero egoten garenak, horiek, 50 gutxi gorabehera. Batzuk talde batean baino gehiagotan gaude, beste batzuk ez. Ni gizarte zerbitzuetan, mendiko taldean, eta itsasokoan; beste batzuk itsasokoan bakarrik. Bakoitzaren nahiaren eta formazioaren arabera izaten da hori.
Gazteen taldearen ekimenez sortu zen jostailuen bilketa. Nola bizi duzu?
Oso berezia da. Jostailu hauek egoera berezian bizi diren haurrei bideratzen zaizkie. Horregatik eskatzen ditugu jostailu berriak. Jende askok bere borondate onenarekin ekartzen dizkizu ondo omen dauden jostailuak, baina urte asko pasatu ditugu kanpaina egiten eta denetarik ikusi dugu.
Ume hauek, familiak duen egoeragatik, urtean zehar zailtasunak pasatzen dituzte. Eta egun hauek guraso eta umeentzat bereziak izan daitezen, jostailu berriak eskatzen ditugu, gabezia horiek goxatzeko. Umearen duintasuna babestea izaten da gure helburu nagusia kanpainarekin, umearena eta familiena.
Banaketan ere egoten zarete?
Bai, guk banatzen ditugu, zuzenean. Familiak etortzen dira jostailuen bila, eta pila bat eskertzen dute aukera hori eduki ahal izatea. Duela urte batzuk bazen emakume bat zortzi edo bederatzi urtez etorri zena, eta urtero gutun bat ekartzen zigun, hau egiteagatik eskerrak emanez. Kanpainari esker izaten zuen oparitzeko zerbait, eta hain eskertua zegoen, urtero ekartzen zigula gutuna.
Zerrendetan dituzuen guztientzat iristen al dira opariak?
Egoitza bakoitzak bere herrian banatzen ditu, Hondarribikook Hondarribian, Irungoek Irunen, Errenteriakoek han… Jostailu berriak eskatzen ditugunetik zailagoa da iristea, baina jendea etortzen da. Berriak izateaz gain, jostailu hezitzaileak izatea nahi izaten dugu, eta ez izatea ez sexistak, ezta belikoak ere. Jendeak esfortzua egin behar du, kanpainarako erosi egin behar izaten dituztelako, baina hala ere egiten dute.
Astelehenean hasi zineten egoitzan jostailuak jasotzen Hondarribian, baina aurretik Decathlonen izan zineten.
Bai, aurten lehen aldiz Decathlonekin kanpaina berezia egin dugu, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Errioxan. Asteburuan egin genuen. 10-17 urte bitarteko tartea betetzeko larri xamar ibiltzen ginen. Jendeari jostailuak eskatzen dizkiogu eta jostailuak ekartzen ditu, eta zer jostailu ekartzen diozu 13 urtetik gorako bati? Ez da erraza, normalean haurrentzako ekartzen dira. Horregatik egin dugu kanpaina Decathlonekin lehen aldiz, adin tarte horri begira, eta oso pozik gaude emaitzarekin.