Tximinia guztietatik sar dadin
Gurutze Gorriak 300 jostailu berri emango dizkio aurten Olentzerori. Errenteria-Oreretan, Irunen eta Hondarribian bildu dituzte, beharra duten haurrak ez daitezen Gabonetako oparirik gabe geratu.
Zer dira Gabonak turroirik gabe, Gabon kantarik gabe, Olentzero panpinik gabe? Berdinak al lirateke hiri eta herrietako kale nagusietan argi bereziak jarri ezean, zuhaitza jartzea ahaztuta, edo etxean norbait falta bada? Baina, beste arrazoi horien guztien gainetik, zertarako Gabonak haur bat oparirik gabe geratzen bada? Horretarako, ume bakoitzak behintzat jostailu bat jasotzea helburu, abiatu zuen Gazteen Gurutze Gorria erakundeak duela bi hamarkada Gabonetako jostailuen bilketa kanpaina. Gipuzkoan herri handienetan egiten dute, Oarsoaldean eta Bidasoan, Irunen, Errenteria-Oreretan eta Hondarribian. Hondarribian astelehenean abiatu zuten bilketa, eta bihar arte jasoko dituzte jostailuak. Egun eroak dira bilketan parte hartzen ari diren Maite Villarreal, Virginia Salas eta Mayi Barrasarentzat, nahiz eta ez den zerbait berria beraientzat. 1996an egin zuten lehen aldiz kanpaina Hondarribian, baina azken urteetan jostailu berriak bakarrik onartzen dituzte, erabili gabeak, ez sexistak eta ez belikoak. Batetik, Europako segurtasun araudia betetzeko egin zuten aldaketa, baina hori baino garrantzitsuagoa, umeen berdintasun eta duintasuna zaintzeko. Barrasak onartu du lana arinagoa dela orain, “errazagoa da sailkatzeko, zailagoa iristeko”. Horrekin ados dago Salas, eta gogora ekarri du egoitzako gela bat goraino jostailuz betetzen zitzaienean, “aukeratzeko lan handia zen”. Villarrealek sortu zuen Hondarribiko egoitza mediku batekin batera, orain 33 urte, eta denetarik ikusi du: “Puzzleak ekartzen zizkigutenean guk egin behar genituen lehenik, pieza guztiak ote zeuden ikusteko. Ez genekien nondik hasi. Erokeria zen”. Errenteria-Oreretan lau urte daramatzate jostailu berriak soilik hartzen, eta Jose Antonio Fernandez bertako egoitzako presidentearen arabera, arrazoia argia da: “Duintasuna zaindu behar da, eta jendeari eskatu behar zaio ekartzeko euren seme-alabei Gabonetan oparitzeko moduko opariak. Hori ulertaraztea garrantsitsua da”. Herri bakoitzak berea Jostailuen kanpaina Espainiako Estatu osoan egiten da, eta Gipuzkoako egoitza guztiek koordinatuta egiten dute, baina bakoitzak bere bidea egiten du, eta jostailuak jasoko dituztenen zerrendak egiteko modu desberdinak dituzte. Salasek azaldu duenez, Hondarribian gizarte zerbitzuetatik jasotzen dituzte izen gehienak, 80tik 65 inguru: “Udalak zerrenda pasatzen digu, eta normalean guk ez ditugu ez familiak, ez haurrak ezagutzen, ez bada haurrak gure beste programa batean daudela, eskolako laguntza programan adibidez. Izenak ez, baina adina badakigu, eta horren arabera sailkatzen ditugu jostailuak”. Errenterian 120 haur inguruko zerrenda dute. “Urtean zehar 500 lagunekin egiten dugu lan, eta familia horien seme-alabei zuzenduta dago jostailuen kanpaina”. Hondarribian edo Irunen ez bezala, Errenterian ez dute deialdi publikoa egiten, eta enpresa sare kolaboratzaileekin moldatzen dira. “Enpresa horietako langileek erosten dituzte jostailuak eta gu jasotzera joaten gara”, azaldu du Fernandezek. Banaketa, Gipuzkoako herri gehienetan 24a baino lehen egingo dute —Oreretan, 28an—. “Hondarribian Olentzeroari begira egiten dugu —gaineratu du Barrasak—, baina adibidez, badugu neskatila bat orain Senegalen dagoena, bere amarekin. Neska hori ez da oparirik gabe geratuko, gordeko diogu”. Oarso Bidasoko hiru egoitzetan asko jaitsi da jostailuen kopurua berriak izan behar dutenetik, baina era berean, Villarrealek nabarmendu du asko direla urtero-urtero kanpainan laguntzen dutenak. «Bada adineko emakume bat urtero etortzen dena jostailuak ekartzera. Poltsa handi bat ekartzen du beti, jostailuz beteta. Bigarren eskukoak ekartzen zituen, eta orain berriak ekarri behar direnean ere. Iaz tiketa ahaztu zitzaion poltsaren barruan, eta ehun euro baino gehiagoko tiketa zen». Salasek erantsi du San Jose ikastetxetik urtero egiten dietela ekarpena, “irakasle bat ere urtero arduratzen da, eta aurten ikasturte bateko ikasleak ostegunean etorriko dira jostailu berriak ekartzera”. Kanpaina berezia Gurutze Gorriko boluntarioentzat kanpaina berezia izaten da Gabonetakoa. Badakite ordu asko sartu behar dituztela, baina polita izaten dela onartu dute, batez ere familiak jostailuen bila etortzen zaizkieneko unea. “Hau ez dugu egiten inork eskertzeko —esan du Villarrealek—, baina eskertzen dizutenean ohartzen zara zerbait polita egiten ari zarela. Batez ere haur bat tartean dagoenean, barruraino iristen zaizu hori”. Haurrei, eta haur ez direnei ere eramaten dizkie Olentzerok Gurutze Gorriak bildutako opariak, hamazazpi urte arteko gaztetxoak sartzen baitira kanpainan. Hondarribiko hiru emakume boluntarioak bat datoz adin batetik aurrerako haurrekin zailtasunak dituztela esaterako orduan. “Hamazazpi urte arte zabaldu da kanpaina, eta zerrendetan badaude adin horretakoak. Eta, zer jostailu oparituko diozu hamazazpi urteko ume bati? Ez dira existitzen”, kexatu da Salas. Aurten lehen aldiz Decathlon saltokietara eraman dute egitasmoa, eta horrek gaztetxoekin dituzten zailtasunak gutxitu dituela eskertu du Barrasak: “Decathlonen erosleei zehaztu genien gaztetxoentzat nahi genituela opariak”. Hala, baloiak, motxilak, trineoak, eta abar bildu zituzten joan den ostiral eta larunbatean. “Zerrendan bada gazte bat, kanpotik etorritakoa, erlojurik ez zuena; behin bat lortu genion, baina ikusi dugu ez duela janzten, ez delako digitala. Decathlonen pertsona batek erloju bat eman zigunean, berehala burura etorri zitzaidan gazte hau, ‘honek beretzat izan behar du’ pentsatu nuen”, gehitu du Barrasak. Azken aukera, igandean Irunen dagoeneko hasiak dira jasotako jostailuak sailkatzen eta zerrendaren arabera banaketa prestazen. Hori ere ez dela nolanahiko lana onartu dute boluntarioek, baina gustura egiten dute. Hondarribikoak azkenak izan ziren bilketa hasten, eta bihar goizean jasoko dituzte azken jostailuak. Oreretan, 22an joango dira enpresetara bildutakoaren bila. Hori bai, igandean ere, Oarso Bidasoko boluntarioak Donostian izango dira gainontzeko egoitzetakoekin batera, Realeko gizonen futbol taldeak Anoetan jokatuko duen partidaren atarian. Han itxiko du Gipuzkoako Gurutze Gorriak aurtengo jostailu bilketa, eta Realeko harrobiko jokalarien laguntza izango du. Igandean bildutakoa herrialde osoan banatuko dute, han eta hemengo zerrendak osatzeko beharren arabera. Izan ere, egoitza bakoitza bere herriko beharrak asetzeaz arduratzen den arren, azken helburua da Gipuzkoan ez dadila haurrik geratu jostailurik gabe. Egoera berezian bizi diren ume eta familiak dira Gurutze Gorriak azken hemeretzi urteetan burutu duen kanpainaren helburua. Egunerokoan zailtasun handiak dituzte, baina aurten ere Olentzero tximiniatik sartuko zaie Gabon Gauean. Eta biharamunean esnatzen direnean, gainontzeko umeek bezala, pakete bat irekitzeko aurkituko dute zapaten ondoan. Irakurri ere Ainhoa Martinez Arrieta kanpainako Hondarribiko arduradunari egindako elkarrizketa: