Irungo Amaia Kultur Zentroak 25 urte bete ditu eta eraikuntzako tripak ezagutzeko aukera izango da.
Garcia eta Eizagirre, urteurrena ospatzeko jardunaldiaren aurkezpenean
Hilaren 23an Irungo Amaia KZ barrutik ezagutzeko aukera izango da, egun horretarako antolatu duten ate irekietako jardunaldiari esker. Aurreko igandean kultur guneak mende laurdena bete zuen eta data hain esanguratsua ospatzeko, egun osoko osatu antolatu dute datorren asteazkenerako. Besteak beste, artisten kamerinoak edota pelikulen proiekzio gela ezagutzeko aukera izango da eta haur eta gaztetxoentzako hainbat tailer egingo dira.
Gaur aurkeztu dute jardunaldia Amaian, eta bertan izan dira Jose Luis Garcia kultur zentroko arduradunetako bat, eta Junkal Eizagirre Irungo Udaleko Kultura ordezkaria. Eizagirren ustez Amaia “hiriari oraindik asko eman behar dion elkartze eta aisialdi gunea da”.
Garciak erabilerari buruzko hainbat datu eman ditu. Iaz, 414 ekitaldi burutu zituzten Irungo Amaian KZn, horietatik 223 udalak antolatutakoak. Orotara, 51.075 pertsona joan ziren 2014 urtean Amaian antolatutako ekitaldietara.
Hilaren 23ko bisitak eta tailerrak doan izango dira, baina ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea. Telefonoz egin behar da, 943 00 46 28 zenbakira deituz.
Amaia KZk 25 urte. Programa
- 10:00etatik 12:00etara, Ezagutu eszenatoki bat tailerra. 12-16 urtekoentzat.
- 10:00etatik 12:00etara, eskulan tailerra, dantza aretoan. 5-12 urtekoentzat.
- 10:00etatik 13:00etara, Gabonetako jaiotzen erakusketa.
- 12:00etan eta 12:45ean, bisita gidatuak.
- 16:30etik 21:00etara, Gabonetako jaiotzen erakusketa.
- 17:00etatik 19:00etara, Musika Eskolako Orkestraren emanaldia, Julio Bravok zuzenduta. Sartzea libre.
- 17:00etatik 19:00etara, antzerkiaren hastapen tailerra, dantza aretoan. 9-14 urtekoentzat.