Korapilatuzen arabera, geroz eta familia gehiagok dituzte zailtasunak Irunen hilabete bukaerara iristeko.

Irungo Lanbideren bulegoaren ataria
Udalak 2016ko aurrekontuetarako egindako proposamenaren harira, Korapilatuz Bidasoaldeko Bitartekotzarako Erakunde eta Profesionalen espazioak gizarte ongizatera bideratutako kopuru eskasa kritikatu du. Korapilatuzen arabera, geroz eta familia gehiagok dituzte zailtasunak Irunen hilabete bukaerara iristeko. “Horri langabezia tasa altua (%15) gaineratu behar diogu. 4.500 langabe daude, eta horietatik 1.400ek jasotzen dute Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta”, adierazi du topaguneak.
Zentzu horretan, “kezkatuta” azaldu da, udal laguntzetara bideratutako aurrekontua nahikoa ez dela iritzita. Aurrekontuen igoera ez dela gehiegi islatzen Gizarte Ongizatean salatu du; %1,06koa, igoera guztietan baxuena izan delako.
“Langabezia, pobretzea, bazterkeria eta kaleratzeen kontra erreminta hoberik ezean, udal laguntzak dira baliabide ekonomiko nahikoa ez duten Irungo familien helduleku bakarra”, esan du Korapilatuzek. Hori kontuan izanda, udari zenbait konpromiso hartzeko eskatu dio: gizarte laguntzei buruzko informazio gehiago eskaintzea, laguntza horietara kopuru nahikoa bideratzea eskaera guztiari erantzuteko, gizarte murrizketa gehiago ez aplikatzea, eskaerak aurkezten dituzten familiak hilabete baino lehen artatzea, alokairu sozialeko etxebizitza parke bat sortzea eta etxerik ez dutenentzako udal aterpetxe bat sortzea, eta azkenik, enplegu duina sortzeko inplikazio handiagoa.