"Gaurko haurren begietatik eta diskurtsotik" aztertuko dute Arimen Gaua Jaime Altunak eta Josu Ozaitak.
Arimen Gaua ikertuko dute Ozaitak eta Altunak
Arimen Gauari buruzko proiektu batekin, Eibarko Udalak ematen duen Juan San Martin Beka jaso dute Jaime Altuna billabonatarrak —izatez hangoa da, nahiz eta Hondarribian bizi den aspaldi— eta Ibarrako Josu Ozaitak. Altuna,
Oarso Bidasoko Hitzako kolaboratzailea izateaz gain, hezitzailea da eta urte asko daramatza, besteak beste, gazteen hizkuntza erabilera eta euskal jolasak aztertzen.
Aurten, etnologia zen Juan San Martin ikerketa bekaren gaia, eta Altunak eta Ozaitak Arimen Gaua, Gau Beltza edo Halloween delakoari buruzko proposamena aurkeztu dute. Irabazleek, “metodo kualitatiboa erabilita, Eibarren eta eskualdean gaiari buruz dagoen guztia batuko dute; idatziz eta ahoz jasotako testigantza guztiak aztertuko dituzte”. Ikerketaren gune nagusia Eibar izan behar duen arren, bistan da Arimen Gauari buruzko ikerketak Euskal Herri osorako interesa baduela.
Epaimahaiaren arabera, “interes sozial handiko lana da, guraso talde, aisialdi elkarte eta hezkuntza eragileentzako batik bat”. Izan ere, Hallowen jaiak hartu duen indarrak kezka eragin du gizarteko arlo askotan. “Helduek ez dituzte begi onez ikusten ospakizun hauek —azaldu dute bi ikerlariek—, atzerritik inportatuak direla argudiatuta eta bertakoa ez den kultur industriaren asmakizun berria iruditzen zaielako”.
Ohitura belaunaldi berrietara iritsi ez den arren, garai batean ospatzen zen Euskal Herrian Arimen Gaua. “Urriaren 31n Arimen Gaua ospatzeko ohitura Euskal Herriko txoko askotan oso zabaldua zegoen. Iluntzean haur eta gazteak bide bazterretan kandelak ezkutatzeaz gain, etxez etxe eske-errondak egiten ziren neguan ospatzen diren beste jai ezagunetan bezala”.
Juan San Martin beka baliatuz, “garai haietan ospatzen zutenen esperientzia eta bizipenak” bildu nahi dituzte Altunak eta ikerketa kideak, baina modu berritzailean egin nahi dute: “Gaurko haurren begietatik eta diskurtsotik aztertu nahi dugu fenomenoa; etengabeko mugimenduan dabilen tradizio honen prozesua azaldu”.