10-11 urteko haurrak DBHko ikasleen kontra lehiatu ziren. Epaimahaiaren arabera zientzia proiektu "bikaina" landu zuten hondarribiarrek.
Hondarribiko taldea, ikerketa saria lortuta
Txikienak izan arren, denak aho zabalik utzi zituzten hondarribiarrek larunbatean Zamudion egin zen
First Lego League (FLL) txapelketako EAEko kanporaketan. Orotara 33 taldek parte hartu zuten, gehienak DBHko eskolakoak, eta Hondarribiko 10-11 urteko lagun taldeak seigarren postua lortu zuen robotikako proban —laugarrenetik oso gertu—, eta zientzia atalean Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko Ikerketa saria lortu zuten.
Saria ere, Lego piezekin egina
Latexeko eskularruen gaineko ikerketa egin zuten Hondarribiko haurrek. Euskal Herrian zaborretara botatzen dira, eta %100 organikoak eta konpostagarriak direla erakutsi dute. Hondakinei buruzko ikerketa egiteaz gain, hainbat elkarrizketa burutu dituzte proiekturako, Bidasoko zaharren egoitzetan eskularruen erabilera egokia sustatzeko kartelak jarri, eta Caritasekin harremanetan jarri dira, latexeko eskularruak birziklatzeko aukera aztertzeko.
Zamudion, zientzialari talde baten aurrean aurkeztu behar izan zuten irailetik landutako proiektua. FLLko epaimahaiak “taldean eginiko lana” nabarmendu zuen, eta aurkezpena “bikaina” egin zutela. Gurasoak harrituta geratu ziren seme-alaben aurkezpenagatik, horri ziotelako beldur gehiena. “Gaztelekuan gurasoei aurkeztu zigutenak, eta Zamudion egin zutenak ez du zerikusirik, askoz hobea izan zen larunbatekoa”, azaldu du Didaka Gallok.
Gurasoak bakarrik ez, haurrak ere pozik geratu dira esperientziarekin, eta datorren urtean berriro lehiatuko direla ziurtatu dute.