Fatou Secka emakumeen eskubide sexual eta ugalkorren defendatzaile eta adituak parte hartuko du Gaurko Andreak elkarteak antolatutako hitzaldi-solasaldian.
Fatou Secka emakumeen eskubide sexual eta ugalkorren defendatzaile eta aditua.
Gaurko Andreak Berdintasunaren aldeko elkarteak hitzaldi solasaldia antolatu du ostegunera begira (hilak 17). Emakumeen mutilazio genitalaren gaia jorratuko dute, 19:00etatik aurrera, Oiasso Museoan.
Hasteko, Moriarti produkzioak egindako
FGM emakumeen mutilazio genitala film laburra eskainiko dute. Film labur horrek hainbat sari eskuratu ditu zenbait jaialditan, Bilboko Zinebin, esate baterako.
Ondoren, solasaldia hasiko da, eta bertan parte hartuko du Fatou Secka emakumeen eskubide sexual eta ugalkorren defendatzaile eta adituak. Hain zuzen, Afrika saria jaso du emakume eskubide sexualen alde egindako lanarengatik. Horrez gain, profesionalei formazioa ematen die mutilazio genitalen prebentzioan eta sentsibilizazioan. Liburu bat ere argitaratu du gai horri buruz:
La nena tozuda.
Seckarekin batera parte hartuko dute solasaldian Patricia Vivana Ponce Haurralde fundazioko presidente eta feministak eta Xabier Peña Koka Ertzaintzako komisariorde, soziologo kliniko eta familia arteko indarkeria auzietan adituak.
Gaurko Andreak elkarteak gogorarazi duenez, Gabonetako oporraldian hemen bizi diren zenbait familia euren jatorriko herrialdeetara joaten dira, eta batzuk alabei mutilazio genitala egiteko baliatzen dute.
Ekitaldi hori hilaren 10eko Giza Eskubideen Egunaren eta 18ko Migrazioaren Egunaren harira antolatu dute. Hori kontuan izanda, elkarteak “mundu zabalean joan-etorrian dabiltzan emakumeen eskubide sexualei buruz hausnarketa eta eztabaida piztu” nahi du.
Horregatik, herritar guztiak gonbidatu dituzte bertan parte hartzera, emakume zein gizon, heldu nahiz gazte.