Turisten mugimendua nabaritu da hotelen okupazioan: %80koa izan da batez beste. Bidasoa Bizirik-ek oso positibotzat jo du urtean zehar hoteletan izandako okupazioa.
Irun eta Hondarribiaren ikuspegi orokorra
Irungo eta Hondarribiko turismo bulegoetatik ia 2.000 lagun pasatu dira abenduko zubian, 1.934 zehazki, Bidasoa Bizirik-ek jakinarazi duenez. Turisten mugimendua ere nabaritu da hotelen okupazioan, %80,74koa izan baita batez beste, eta bi hoteletan %95era ere iritsi da. Bisitariek 1,78 gau pasatu dituzte batez beste.
Orain arteko datuak eskuan (abenduko hurrengo asteetako datuak falta baitira), oso positiboa izan da okupazioaren gainean Bidasoa Bizirik-ek egindako balorazioa. Aste Santuan hotelen okupazioa %88,84 izan da, 2014an baino hamabi puntu handiagoa. Udako oporraldiari dagokionez, uztailean okupazioa %86ra iritsi da (2014ean %75), eta abuztuan %94ra (2014ean %87). Urtean zehar batez beste hotelak %64 egon dira beteta.