Nekazaritza ekologikoaren industrializazioaren aurka sortu da EHkolektiboa. ‘EHko’ zigilua sortu dute.
Josune Zamora. Mattenea baserriko arduraduna
Ez zara baserrian jaioa. Zergatik erabaki zenuen baserritar bezala jartzea?
Dietista modura ibiltzen nintzen, eta ez nengoen batere kontent aurkitzen nituen elikagaien mailarekin; ez ziren kalitate onekoak. Ez nengoenez gustura lanean, eta lan baldintzak geroz eta okerragoak zirenez, erabaki nuen nik ekoiztea kalitatezko elikagai horiek, freskoak, garbiak… Eta baserri batera joan nintzen, ikastera.
Noiz jarri zinen zure kabuz Mattenea baserrian?
Bi urtez egon nintzen formatzen, baserri hartan eta ikastaroak egiten, eta 2004an jarri nintzen nire kabuz. Ordutik nabil.
Hasieratik ekologikoa lantzen?
Bai, argi neukan hori, ekologikoa nahi nuela. Elikadurak garrantzia handia du gure osasunarentzat, eta elikagai garbiak nahi nituen ekoitzi. Hori zen nire motibazioa hasieran, geroztik sartu zait natura zaintzeko beharra, eta abar, baina nire lehen motibazioa zen elikagai osasuntsuak egitea, niretzat eta baloratzen zutenentzat, ez nuelako espero denengana iristea.
Produktu ekologikoak garestiagoak dira.Bezeroek nola hartzen dute hori?
Zuzenean saltzerakoan prezioak ez dira hain garestiak, ez dagoelako bitartekaririk. Nire bezeroek badakite produktu ekologikoek dendan zein prezio duten, horregatik ez dira kexatzen niri erosten didatenean. Baina logikoa da garestiagoak izatea, produktu horiek lortzeko ordu gehiago sartzen ditugulako, eta lehengaiak garestiagoak direlako. Askotan, ekologikoan, haziak eta lehengaiak konbentzionalean baino bi, hiru, lau eta sei aldiz garestiagoak izaten dira.
Non saltzen dituzu Mattenea baserrian ekoizten dituzun produktuak?
Hondarribiko azokan —asteazken goizero Damarri plazan eta udako larunbatetan San Pedro kalean—, baserrian eta zenbait jatetxetan.
Eta, ia hamabi urte daramatzazu ja. Pozik hartu zenuen erabakiarekin?
Bai, oso pozik nago. Oso gustura nago lanean, oso pozik orain arteko guztiarekin.
Duela gutxi EHKolektiboa aurkeztu dute, eta bertan zabiltza zu ere, hasieratik. Zergatik erabaki zenuen bertan sartzea?
Batez ere gure ekoizpena, ekoizpen industrializatuetatik bereizi nahi genuelako. Horregatik sortu da
EHKolektiboa, badagoelako ekoizpen ekologiko industrializatua. Gurea defendatu, bertakoa dela esan nahi genuen, beste zigiluak ez duelako jatorria aintzat hartzen.
Gurea defendatu nahi genuen, txikia, baina elkarrekin, interes berberak ditugulako. Ekologikoa, baina Euskal Herrian egina, eta gehiago, baldintza sozialak zainduz, langileak baldin baditugu horiek baldintza onetan egon daitezela. Baldintza sozialak ere kontuan hartzen ditu
EHko zigiluak.
Hamar urte baino gehiago ditu Zamoraren Mattenea baserriak, eta orain EHko zigilua jaso du