Chiapas Enea GKEak Mexikoko San Cristobal de las Casas udalerriko Carmen Arcotete komunitatean turismoa garatzeko emakumeentzako formazio zentroa bultzatu nahi du
Berrotaran eta Elizalde, ostiralean Chiapas Enea egitasmoa aurkezten
Iaz sortu zen Chiapas Enea GKEa Hondarribian, eta ostiralean erakunde berriaren lehen egitasmoa aurkeztu zuten udaletxean. Chiapasko (Mexiko) San Cristobal de las Casas udalerriko Carmen Arcotete komunitatean emakumeentzako formazio zentro bat sortu nahi dute, turismo arloari zuzendutakoa. Proiektua 36 hilabetetan garatuko dute eta Hondarribiko udalaren 5.500 euroko diru laguntza jasoko du. Ion Elizalde da Chiapas Eneako arduraduna, eta udalaren ekarpena eskertu zuen: “Oso baliagarria da, elkartasuna asmoz egin bai, baina dirua ere behar delako”. Arantxa Berrotaran Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia izan zuen Elizaldek ondoan, eta aurten udalak GKEren artean 118.000 euro banatuko dituela jakinarazi zuen.
Elizaldek azaldu zuenez, Carmen Arcoteteko emakume gehienek Lehen Hezkuntza bukatuta uzten dute formazioa, ezkondu eta haurrak edukitzeko. “Formatzen jarraitzeko aukera gutxi dute. Gu ez goaz haien kultura aldatzera —argi utzi zuen—, baina ama izateaz gain, formatzeko ere aukera eskaini nahi diegu”. Azken urte erdian hango emakumearen diagnosi bat egin dute, proiektua prestatu eta zenbait komunitate bisitatu dituzte. Carmen Arcotete bi arrazoigatik aukeratu dutela adierazi zuen Elizaldek: “Batetik, jarrera oso positiboa izan dute, gure proiektuak komunitatearen bizi kalitatea hobetzeko balioko duela uste dute. Eta bestetik, guk uste dugu komunitate aproposa dela proiektua garatzeko”.
Chiapas Enea proiektuaren “zutabe nagusia, formazioa” izango dela argitu zuen zinegotzi ohiak: Komunitateak potentzialtasun turistiko du, garai batean gobernuaren laguntza izan zuen proiektu bat martxan jartzeko, baina erdibidean geratu ziren, laguntza hark ez zuelako jarraipenik eduki. Hori horrela, Chiapas Enea GKEak Carmen Arcoteteko garapen turistikoa bultzatu eta jarraipena emateko, emakumeak formatu nahi dituzte. Helburua, “2-3 urtetan turismoak formazio atala iraunaraztea”. Besteak beste, kontabilitatea, sukaldaritza, eta bestelako zerbitzuen gaineko formazioa eskaini nahi dute.
Carmen Arcotete komunitatean 270 pertsona bizi dira, 70 familia. Inguru natural batean kokatzen da, eta turismo garapena baliabide natural horiei lotuta egon beharko luke. Hala, 60 pertsonek lo egiteko lekua egokitu, nekazaritza ekologikoa sustatu, eszedenteekin azoka bat antolatu, eta bertoko kultura eta hizkuntza garatzea dira Chiapas Enea proiektuaren helburuetako batzuk. “Maya jatorria duen komunitatea da, eta euren hizkuntza chochil hizkuntza da”, argitu zuen Elizaldek. Gaineratu zuenez, Arcotete ibaian kokatzen diren beste bi komunitateen artean dago Carmen Arcotete herrixka, eta horiek dagoeneko badituzte turismo naturalari lotutako egitasmoak abian. Carmen Arcoteten turismoari lotutako 20 lanpostu sortu daitezkeela uste du Ion Elizalde Chiapas Enea GKEko arduradunak.