Lau enpresa horiei berrikuntza arloan egindako lana aitortu diete.
Irun Ekintzan Sarien banaketa
Woco Tecnica, Fast 3D Bidasoa, Boulevard Garagardotegia eta Iturria Industrial egitasmoentzat izan dira aurtengo Irun Ekintzan sariak. Lau enpresa horiei berrikuntza arloan egindako lana aitortu diete.
Atzo egin zuten sari banaketa ekitaldia Ficoban. Bertan izan ziren, Jose Antonio Santano alkatea, udaleko zenbait ordezkari eta zenbait enpresaburu, besteak beste.
Epaimahaiak ez duela lan erraza izan irabazleak hautatzeko jakinarazi zuen Marisa Arriola epaimahaikideak, eta azken fasera sailkatutako egitasmo guztien kalitatea nabarmentzekoa izan dela arrazoitu zuen.
Santanoren iritziz, lau enpresa horiek “berrikuntzaren nahiz nazioarteratzearen bidea” hautatu dutela erakutsi dute, eta Irungo Udalak halako ideia eta proiektuak babesteko konpromisoa hartu duela berretsi zuen. “Garai konplexu hauetan, mota hauetako egitasmoak garatzeko ausardia azaldu zuten gazte ekintzaileen lana aitortu eta saritu behar dugu”, gaineratu zuen.
Hauek dira saritutako enpresak:
- Boulevard Garagardotegia: Irun Ekintzan Saria Berrikuntzari. 3.000 euroko saria jaso zuen Mikel Llucia Gilek.
- Woco Tecnica: Irun Ekintzan Berrikuntza Saria 20 langiletik gorako Irungo enpresari. 3.000 euroko saria jaso zuen Oskar Dominguezek.
- Fast 3D Bidasoa: Irun Ekintzan Berrikuntza Saria 20 langiletik beherako Irungo enpresari. 3.000 euroko saria jaso zuen Imanol Calderonek.
- Iturria Industrial: Irun Ekintza Saria Ideia Berritzaileari. 1.000 euroko saria jaso zuen Laura Iturriak.
Ekitaldian Kukai dantza konpainiaren piezak ikusteko aukera izan zen.