Kirol Hastapen Programa bat garatu eta martxan jarriko dute bi erakundeen artean.
Haur elbarriei eskola kirola eskaintzeko hitzarmena aurkeztu dute.
Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioak eta Irungo Udalak hitzarmena sinatu dute elbarritasunen bat duten haurrek eskola kirolean parte har dezaten. Kirola egiteko aurkitzen dituzten oztopoak kendu nahi dizkiete haur horiei. “Modu horretara, orain arte ezintasunen bat dela eta kirola egin ez zezaketenek orain baldintza hobeak izango dituzte kirola egiteko”, azaldu du Pedro Alegre Kirol delegatuak.
Batetik, elbarritasuna duten eskola umeek ohiko kirol eskaintzan parte hartzeko dituzten zailtasunak baloratu dituzte, eta bestetik, eskaintza zehatza garatu beraientzat. Hala, Kirol Hastapen Programa bat garatu eta martxan jarriko dute bi erakundeen artean.
Irungo udalak baliabideak jarriko ditu; zehazki, eskola kiroleko koordinatzaileak, eta baita diru laguntzak ere. Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioak, berriz, elbarritasunen bat duten haurrei begirako eskola kiroleko eskaintza prestatuko du, ohiko eskola kiroleko ekintzetan parte hartu ezin dutenentzat. Horrez gain, jarraipena egingo diete prestatzaile zein haurrei eta baita ere egingo dituzten ekintzei, eta etengabeko harremanean egongo dira gurasoekin.
Bi talde egingo dituzte 8-12 urteko haurrak, eta horientzat kirol hastapeneko jarduerak prestatuko dituzte; eta bestetik, 13-16 urtekoak, kirol egokituko modalitateen hastapena.
Informazio gehiago Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioaren webgunean topatu daiteke edo 943 46 25 14 telefono zenbakian.