Euskararen Nazioarteko Egunaren harira "hitzetatik ekintzetara" pasatu behar dela uste du Hondarribiko Abotsanitz alderdiak.
Abotsanitz alderdiko udal taldeak “hitzetatik ekintzetara” pasatu behar dela uste du Euskararen Nazioarteko Egunaren harira. Hondarribiko Udalean ordezkaritza duten gainontzeko alderdiekin batera
adierazpen instituzionala sinatu du oposizioko lehen taldeak, baina harago joan behar dela uste du: “Udalak, hitzez hartutako konpromisoak betetzen direla ziurtatu behar du eta horretarako baliabideak jarri”. Halaber, udal ordenantza askotan betetzen ez dela salatu dute.
Hala, euskararen erabilera handitze aldera udalari inplikazio handiagoa eskatu dio Abotsanitzek. “Hondarribiko udala gaur egun euskararen erabilera bermatzen duen administrazioa izanik, herrian ere eragin zuzenagoa izan behar duela uste dugu”, esan dute.
Bukatzeko, udalak “eraginkorra izango den plangintza bat antolatu eta bere eskumena duen esparruetan abian jarri” beharko lukeela dio Abotsanitz taldeak: “Hitz politak, asmoak, eta talde bakoitzak euskararen erabileran duen erritmo desberdinen ikuspegiak, ez dute eramango gure herria euskalduntzera. Euskara ez da soilik paperean idatzi daitekeen hizkuntza. Euskararen erabilerak bermatuko baitu euskararen oraina eta geroa”.