Pilota txapelketa, bertsolaritza, Galder Izagirre eta Mikel Garikoitz musikarien bisitak, tertuliak eta zine forumak, Euskaraoke lehiaketa... Gaur hasi da San Jose ikastetxeko Euskararen Astea.
Ostegunean Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko da, eta
Hondarribiko San Jose ikastetxean ekitaldi sorta luzea prestatu dute aste osorako. Ikastetxeko Normalkuntza Batzordeak azaldu duenez, “urtero berrituz goazen ekintza multzo honekin ikasle eta familiekin euskara eta euskal kultura lantzea dugu helburu”. Asko dira aste osorako prestatu dituzten ekitaldiak, hala nola, pilota txapelketa bikoteka, ipuin eta liburuen inguruko tertuliak, edota adin bakoitzari egokitutako euskal filmen zine foruma.
Gorka Romero ikaslearen agurra
Atzo abiatu zuten San Jose ikastetxeko Euskararen Astea, Gorka Romero ikasleak dantzatutako agurrarekin, eta jarraian,
Euskaraz bizi nahi dut leloa zintzilikatu zuten eskolaren aurrealdean.
Gaur, Galder Izagirre argazkilari eta musikari irundarraren hitzaldia entzuteko aukera izan dute, eta 4, 5 eta 6. mailako ikasleak bertsolaritza saio berezia egitekoak ziren; bertso lehiaketa ere egingo dute eskolan Euskararen Astean.
Asteazkenean, Kulki jolas parkea muntatuko dute eskolako patioan, Haur Hezkuntza eta Lehez Hezkuntzako ikasleentzat. Txikienei begira, gainera, txotxongilo eta ipuin kontaketa saioak antolatu dituzte hilaren 2rako.
Galder Izagirre ez da San Jose ikastetxean bisitari izango duten musikari bakarra; izan ere, ostegun arratsaldean, Euskararen Egunean, Mikel Garikoitzek kontzertua emango du ikasleentzat. Egun horretan ere, DBHko 3 eta 4. mailakoak Itsas Etxera abiatuko dira,
Buah txabal antzezlana ikusteko.
Ostiralean emango diote bukaera Euskararen Asteari. Pilota txapelketako finalak jokatuko dituzte, eta asteko une beroenetako iritsiko da, Euskaraoke lehiaketa, ikasle nahiz irakasleen parte hartzea izango duena. “Astean zehar izena eman duten taldeek kantuak prestatuko dituzte eta ostiralean egindako lana ikusteko aukera izango dugu”, erantsi du Normalkuntza Batzordeak.