Zer du mitologiak hainbeste erakartzen gaituena? Fantasiazko mundu hori norberak nahi bezala irudikatzeko aukera duela ote da? Ala bizitza errealeko gertakari asko ulertzeko errealitateak berak baino arrazoi ederragoak ematen dituela? Arrazoiak arrazoi, gauza da belaunaldiz belaunaldi transmititu izan dela, eta orain Izaskun Zubialde eta Bakarne Atxukarro irundarrek erakutsi dutenez, haurrek ere maite dituzte Euskal Herriko mitoak.
Euskal mitologia, haurrei kontatua bildumaren bigarren liburua argitaratu dute aurten Atxukarrok eta Zubialdek Txalaparta argitaletxearekin. Iaz idatzi zuten lehen ipuin sorta, asmo handirik gabe: “Gu amak gara eta etxean betiko ipuinen irakurketa egiten genuen. Konturatu ginen txikitan etxean entzuten genituen ipuinak falta zirela. Eta hortik jaio zen ideia”.
Ekhilore, Aitziber Alonsok marraztua
Zubialdek azaldu duenez, liburuen helburua da haurrei bizitzarako baliagarriak diren irakaskuntza eta baloreak zabaltzea: “Naturarekiko maitasuna, auzolanaren garrantzia, adiskidetasuna, arbasoekiko errespetua… Ipuin guztiek badute balore edo jakintza bat. Gure arbasoak mitologian oinarritzen ziren naturako fenomenoak arrazoitzeko. Irakurle guztiek ondorio bat aterako dute”.
Ustekabeko arrakasta
Hamar ipuin idatzi, Aitziber Alonso lagunari ilustrazioak eskatu, eta Amazon saltoki birtualean eskegi zuten lana. Arrakasta itzela izan zen, “hiru egunetan 12.000 deskarga”. Maiatzean, Denonartean argitaletxeak liburu dendetan zabaldu zuen, eta astebeteren ondoren bigarren edizioa egin behar izan zuten.
Baina hor ez zen geratu. AEBko euskal etxe askok interesa agertu dute bi ama irundarren liburuagatik, eta Renoko Amerikar Unibertsitatean ingelesezko moldaketa ari dira prestatzen. Euskararen Egunean Montevideon aurkeztuko dute lana, Bruselan ere aurkeztu nahi dute, eta egileek uste dute 2016an frantsesera itzuliko dutela. Elur bola bezala zabaldu da Euskal mitologia haurrei kontatua proiektua, baina bi egileek ez dute ahazten hasierako asmo xumea. “Inolaz ere ez genuke sinetsiko hasiera batean gure seme-alabentzako sortu zen proiektu bat hain urrun iritsiko zenik”.
Txlapartarekin argitaratu dute bigarren bilduma
Izan ere, idazle baino, ama zirela idatzi zituzten ipuinok, eta seme-alabek nolabaiteko parte hartzea izan zuten prozesuan: “Ama garenez, ederki dakigu haurrei nola hitz egin behar zaien. Lana izan dugu egokitze prozesuan, baina ez da oso zaila izan. Ipuin bat bukatu baino lehen gure haurrengana joan gara kontatzera eta ikustera zer zegoen ondo, zer gaizki, ondo ulertzen ote zuten edo ez… Oso lan polita izan da”.
Euskal mitologiako pertsonaia gustukoenak hautatu eta paperean jaso dituzte bi irundarrek. Baina ahozko transmisioari keinu egin nahi izan diote: “Mitologia belaunaldiz belaunaldi, ahoz aho pasatu da, eta guri ere hala iritsi zaigu. Garrantzitsua iruditzen zitzaigun ahozkotasun hori ez galtzea”, kontatu du Atxukarrok. Hala, ipuinok doan entzuteko aukera dago Txalapartaren webgunean (ikusi behean).
Paperean, aldiz, edozein liburu dendetan aurki daiteke. Eta sinatuta nahi duenak, abenduaren 5ean izango du horretarako aukera, Durangoko Azokan izango baitira Zubialde eta Atxukarro, haien seme-alabentzat idatzitako ipuin bildumak Euskal Herriko haur guztiekin konpartitzen.
Azken berriak
Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.