Hirugarren trenbidea egingo dute, eta zabalera iberikoan zein europarrean ibiltzen diren trenek erabil ahal izango dute.
Hirugarren trenbidea lizitatu du Adifek
Abiadura Handiko Trenak trenbideen zabalerarekin arazorik izan ez dezan, obrak egingo dituzte Irun eta Astigarraga artean. Adifek lanak lizitatu ditu, eta hirugarren trenbide bat egingo dute bi udalerrien artean, zabalera iberikoan zein europarrean ibiltzen diren trenek erabil dezaten.
Jose Antonio Santano Irungo alkatea pozik dago lizitazio horrekin, nahiz eta lanak “azkarrago” egitea gustatuko litzaiokeen. “Irungo trenbide eremuari buruz hitz egin nahiko nuke gainontzeko erakundeekin. Albiste berriak baieztatzen ari dira, eta beharrezkoa da trenbide eremuaren etorkizunean pentsatzea”, gaineratu du.
AHTaren obrak 2019rako bukatuta egon beharko lukete, Espainiako Sustapen Ministerioaren arabera. Santanok azpiegiturarekiko atxikimendua adierazi du. “Gipuzkoa egituratzeko beharrezko azpiegitura da.
Euskal Y-a errealitate bihur dadin lanean jarraitu behar dugu”, esan du.