III. herri olinpiaden inaugurazioa eta lehen proba, logo lehiaketa, egin zuten larunbatean. Hok ez pattuk taldeak irabazi zuen, iaz bezala.
Hok ez pattukekoak, iazko irudian oinarrituta Larrun Sastrek eginiko txotxongiloarekin
Iaz bezala, Hok ez pattuk taldeak irabazi du aurten ere olinpiadetako logo lehiaketa. Hortaz, 2014-2015eko txapeldunordeek proposatutako diseinua izango da III. Hondarribiko Herri Olinpiadak iragarriko dituen ikurra.
III. olinpiaden irudia
Larunbat arratsean egin zuten 2015-2016ko herri olinpiadetako taldeen aurkezpena (
ikusi argazkiak), eta ekitaldia probestu zuten logoen lehen proba egiteko. 27 taldek eman dute aurten izena, inoizko marka guztiak hautsiz. Talde bakoitzak gutxienik hamar partaide baditu, bota kontuak. Sekulakoak izango dira beste behin Hondarribiko neguko jokoak.
Hasiera ikusgarria
Arrantzale auzoan egin zuten aurkezpena. Inaugurazioa hasi zenerako ilunduta zegoen, baina horrek ez zuen zeremonia itsustu, are gehiago, ikusgarriagoa egin zuen. Izan ere, aurtengo hasiera ekitaldirako azpiegitura handia prestatuta zuten gazteek, eta suak garrantzia handia eduki zuen.
27 taldeetako ordezkari banak hartu zuen parte Bionttuak taldekoek gidatutako zeremonian. Lastargia piztu ondoren, ordezkari guztien eskutik pasa zen sua. Iazko irabazleak izan ziren Perperlantak taldekoek izan ziren azkenak lastargia jasotzen eta aldamio batera igo zuten.
Zerutik iritsi zen su olinpikoa
Han, tirolina bati lotuta zegoen gurpil bati sua eman, eta su olinpikoa zerutik jaitsi arazi zuten arkupeko eskailera ondoan kokatuta zegoen pebeteroraino, apirilaren 23ra arte iraungo duten jokoen su handia piztuz.
Webgune berria
Aurten
webgune berria izango dute olinpiadek. Bertan denetarik aurkitu daiteke, talde guztien izenak —bakoitza bere ikurrarekin—, hurrengo zazpi jardunaldien egunak, logo lehiaketaren ondorengo sailkapena, eta abar.
Instagram kontua ere sortu dute, eta probetan ateratako argazkiak bertara igo daitezke.