2015ean 70 garaipen lortu ditu hondarribiarrak, Federerrek baino gehiago, eta munduko 252. postutik 72.era egin du salto. Australiako Irekia jokatuko du, prebiarik gabe.
Amonari eta duela gutxi hildako izebari eskaini zien atzoko garaipena
Iñigo Cervantes tenislari hondarribiarrak denboraldi sinistezina biribildu zuen atzo Sao Paolon (Brasil), ATP Challenger Tour Finals txapelketa irabazita. Challenger maisuen torneoan jokatutako bost partidak irabazi ditu Cervantesek. Finala, David Muñoz de la Nava espainiarraren kontra jokatu zuen, eta hiru setetan irabazi, azkena
tie break-ean (6-2, 3-6 eta 7-6).
Madrildarrak abantaila zuen azken partidaren hasieran, finalerdirik ez zuelako jokatu; Guido Pella argentinarrarekin jokatu behar zuen, baina min hartu zuen argentinarrak eta Muñoz de la Nava zuzenean pasatu zen finalera. Gainera, oso final borrokatua izan zen. Aurreko lau egunetan lau partida handi jokatu eta gero, nekatu samar iritsi zen hondarribiarra, eta bigarren setetik aurrera nabaritu zitzaion.
Partida oso ondo hasi zen Cervantesek, bi
break lortuz eta lehen seta 6-2 irabaziz. Baina hortik aurrera zailtasunak izan zituen lehen sakea sartzeko, eta bigarrenarekin madrildarrak luze jokatu zuen. jokoa dominatuz; bere alde izan zen bigarren seta.
Hirugarren eta azken setean abantaila lortu zuen madrildarrak. Cervantesi sakea lapurtu zuen, eta honek kolpea itzuli zion arren, bigarren
break bat lortu zuen espainiarrak. Hondarribiarrak galduta zuen finaleraino eraman zuen lehen sake boteretsua, eta aurkariak, aldiz, ez zuen hutsik egiten. Hala, partida irabazteko sakea zuen Muñoz de la Navak, eta txapelketa beretzat izango zela zirudien. Baina hor agertu zen hondarribiarraren grina, bi
match point gainditu eta, asko sufrituta bada ere, jokoa irabazi eta berdinketa ezarri zuen.
Tie break jokoan bai, hor hasi zen Cervantes ondo sakatzen, eta abantaila lortu zuen. Madrildarra gerturatu zitzaion, eta 4-4ko berdinketa lortu, baina azken hiru tantuak hondaribiarrarentzat izan ziren. Partida, txapelketa, eta ametsetan ere imajinatu ez zezakeen postua ATP zerrendan, munduko 72.a.
180 postu gora
Urtetan borrokatu izan du Iñigo Cervantesek munduko 100 onenen artean sartzeko, baina lesioek ez zioten utzi hori lortzen. Aurten baina, garapen itzela izan du, hiru Challenger txapelketa irabazi, eta denboraldi bukaera sinistezina burututa. 70 garaipen lortu ditu 2015ean; soilik Djokovicek (82) eta Murrayk (74) lortu dituzte garaipen gehiago —Federerrek., esaterako, 63 lortu ditu eta Nadalek 60—.
Joan den astean sartu zen Top 100-ean (98. tokian), baina ATP Challenger Tour Finals txapelketa irabazita, 72. tokiraino egin du jauzi.
Gabonetan merezitako atseden hartuko du Cervantesek, Australiako Irekira joan aurretik. Aurten, gainera, egun gehiago izango ditu familiarekin egoteko, Australiarako zuzenean sailkatu baita, ez du prebiarik jokatu beharko.