Arratsaldeko 7etan egingo dute Martin Iturbe Baldaren hileta elizkizuna, Hondarribiko parrokian.
Parrokian kokatu dute Don Martinen hil-kapera
Arratsaldeko 7etan egingo dute Martin Iturbe Baldaren hileta elizkizuna, Hondarribiko parrokian. 25 urtez Jasokundeko eta Sagarrondoko parrokoa izan zen Iturbe eta bertan kokatu dute hil-kapera; gaur goizetik dozenaka herritar pasatu dira Don Martin Iturbe zenari azken agurra ematera.
Asteazken arratsaldean hil zen Iturbe, 83 urterekin. Jaiotzez Ikaztegietakoa zen arren, bizitza erdia baino gehiago eman zuen Hondarribian. Apaiz ikasketak burutu eta gero Alegiara joan zen eta 1970ean etorri zen Hondarribira, bertan geratzeko. 1988 urteaz geroztik parrokoa izan zen, 2011n erretiratu zen arte.
Udalak atsekabea agertu du Don Martinen heriotza dela-eta, eta “era berean doluminak adierazten dizkie senide eta lagunei, eta eskertu egiten du urte horietan guztietan Hondarribiaren eta hondarribiarren alde egin duen lana”. Izan ere, parrokoa baino askoz gehiago zen Iturbe, eta herriko elkarte askori eta udalari berari askotan lagundu izan zien, bereziki euskararekin lotutako ekitaldietan. Esaterako, euskarazko Bordari eta Satarka literatur lehiaketako epaile bezala jardun izan du urte askoan, olerkia atalean.
Horregatik, eta apaizgintzan 50 urte bete zituelarik, Hiriko Urrezko Intsignia eman zion udalak 2007an, “denbora tarte horretan egindako gizarte lana eskertu nahian”.
Martin Iturbe, idazlea
Idazlea ere bazen Martin Iturbe, hainbat sari irabazitakoa, besteak beste Irun Hiria Saria bi urtez jarraian (
Bizitzako urratsetan, 1973;
Asekaitz, 1974), eta Iruñeko Xalbador ipuin lehiaketa. Lan horiez gain, beste hainbat liburu argitaratu ditu batez ere Haranburu, Kriselu eta Sendoa argitaletxeekin.
- Itsasoko muga estuak (El paisaje editorial,1983)
- Elorria (Haranburu, 1986)
- Gizarte nekatua (Haranburu, 1986)
- Eztigai zulatua (Kriselu, 1987)
- Haizeak ekaitza sortuko du (Kriselu, 1987)
- Bizitzako gazi-gezak (Kriselu, 1987)
- Gorostiaren abesti orlegia (Haranburu, 1987)
- Itsasoaren itxaropen gazia (Sendoa, 1990)
- Zelai ezberdinetan amets-oihu berdinkatuak (Sendoa, 1991)