Udal gobernu taldeak erabiltzen duen Intraneterako sarbidea eskatu dute bi taldeek. "Nahita ezarritako sistema motelarekin" lan egin behar dutela salatu dute.
Plenoa hasi baino minutu batzuk lehenago egin zituzten adierazpenak
Azaroko ohiko plenoa egin zuen Irungo Udalbatzarrak, zazpi puntu aztertzeko. Ez ziren, baina, zinegotzi guztiak agertu. Izan ere, Irun Si Se Puede eta EH Bilduk ez joateko asmoa iragarri zuten udaletxeko ateetan, udalbatzarra hasi baino ordu laurden lehenago.
“Gardentasun falta” egotzi zioten bi taldeek udal gobernu taldeari. Euren lana normaltasunez egitea eragozten dietela salatu zuten oposizioko bi taldeek. “Informazio falta” arbuiatu dute, eta zehaztasunak eman dituzte: “Txosten batean dagoen informaziora sartu nahi izanez gero, dagokion arlo fisikora joan behar dugu nahi eta nahi ez. Lekuko administrariari beharrezkoak ditugun fotokopiak eskatu behar dizkiogu”. Jokamolde horrek helburu bat du bi udal taldeentzat: “Nahita ezarritako sistema motela, gardentasun gutxikoa eta kontrolatzailea da”.
Lau hilabeteko eskaria
Si Se Puede Irunek eta EH Bilduk gogorarazi zutenez, udal gobernukideek sarbidea duten Intranetera erabiltzeko eskaera egin zuten orain dela lau hilabete. “Baietz esan zitzaigun orduan. Irailaren erdialdean adierazi ziguten hamabost egunera sarbidea edukiko genuela, eta ez ezer ez. Pasa den hilabeteko plenoan ere eskatu genuen, baina oraindik ez dugu erantzunik”, salatu zuten bi udal taldeek.
Horregatik, “nahikoa da” esan diote “gezurretan aritzeari, bozkatu gaituzten pertsonak ez errespetatzeari eta oposizioa gutxiesteari”. Espedienteetara sarbiderik ez edukitzeak udal gobernuaren jarduna kontrolatzea oztopatzen diela berretsi zuten, eta larritzat jo zuten egoera. Horregatik guztiagatik, ez ziren atzoko udalbatzarrean izan eta baliabideak izan arte horrela jarraituko dutela iragarri zuten.