Negua beste herrietako futbol zelaietan baino hotzagoa izaten da Hondarribiko Hondartza futbol zelaian.
Jende gutxi hurbildu zen Aloña Mendiren kontrako partidara
Aloña Mendiren kontrako partida hasi aurretik Mikel Llorente lehen taldeko entrenatzailea kexu azaldu zen taldea aldageletatik irten zenean harmailetan zegoen jende kopurua ikusita. Hogeita hamar bat lagun guztira, horietako batzuk Oñatitik hurbildutakoak. Aurreko hiru partidak irabazita zituen taldeak, baina oso jende gutxik arrimatu zen larunbatean Hondarribiko Hondartza futbol zelaira. “Tamalgarria” da Llorentek erabilitako hitza.
Egia da. Orduak ez du laguntzen. Neguko ordutegiarekin partidak 15:30ean izaten dira eta ordu horretan postrea hasi gabe dute hondarribiar gehienek. Eguraldi ona egiten badu eguerdiko txikiteoa luzatzen delako, eta txarra eginez gero, are eta okerrago. Egia da, azpiegiturak ez du argi artifizialik, eta horrek soluzioa behar du, aspaldi behar zuen, baina aurrera begira dezagun, iritsi dadila eta puntu.
Horri gehitzen zaio belar artifizialeko zelaien mantenuan hutsune handiak daudela, hutsuneak, nolabait esatearren. Hala, lehen taldeak jokatzen duen ordu berean beheko mailetako partidak programatu behar dituzte, zelai berrietan argiteria eskasa delako. Eta horrek eragina du lehen taldearen partidetan harmailek duten itxuran, eta gaztetxoen formazioan, besteak beste. Oso polita da Ohorezko Mailako taldeak etxean jokatzen duenean zelai inguruan dozenaka txandal berde ikustea. Tristea da horrela ez denean.
Bestalde, zale batzuk kexatu izan dira sarreren prezio altuak direla-eta, zaletu berriak erakartzeko modu egokia ez delakoan. Ziurrenik arrazoia dute, eta ziurrenik arrazoia du prezioak zehazten dituenak ere, esan nahi da, beste modurik ikusiko ez dutelako. Oreko kontua.
Horregatik, argi dago horrek guztiak soluzioa behar duela, eta konponbidea askotarikoa izan behar du. Zelai nagusiak aldaketak behar ditu, beste zelaiek zaintza handiagoa behar duten bezala. Zaleak erakarri behar dira ere, eta irudimena erabili beharko da hutsik diren eserlekuak betetzeko sarreren salneurria jaitsi nahi bada. Eta herritarrei esfortzua eskatu behar zaie, hori ere, eta eskatzen zaie behin baino gehiagoetan, baina kontuan izanik badirela partida guztietara hutsik gabe joaten diren zaleak, batzuk kanpokoetara bidaiatzen dutelarik ere.
Ez da erraza izango asmatzea, baina asmatu behar da, konponbideak askotarikoa eta askoren artean erabakitakoa behar du izan. Azkarra behar du izan, bai, baina batez ere ona, egokia, elkarteak behar duena, gazteek merezi dutena. Bitartean, neguak beste herrietako futbol zelaietan baino hotzagoa izaten jarraituko du Hondarribiko Hondartzan.