Udalak egindako adierazpen instituzionalarekin ez du bat egin koalizioak, sistema patriarkala aipatzen ez duelako. "Borroka feministaren alde egiten" jarraituko dutela esan dute.
TASek pasa den hilean egindako elkarretaratze bat.
EH Bilduk deia egin du bihar Txingudi Antisexistak antolatutako
manifestazioarekin. Halaber, jakinarazi du ez duela bat egin udalak Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunera begira egindako adierazpen instituzionalarekin,
eta eurena proposatu dute.
Koalizioak gogorarazi du azken urteetan eraso sexista edo hilketa moduan gertatutako kasuak “areagotu” egin direla. “Baina indarkeria matxista ez-zuzenak ere areagotu egin dira”, zehaztu dute, “hala nola, mikrobiolentziak, jazarpenak, irainak, lan prekarizazioa edo lan falta”. Ezkerreko soberanistek uste dute egoera hori “normalizatua eta barneratuta” dagoela eredu patriarkalean. “Eta horra arazoaren erroa, eredu sozial patriarkal bera”, gaineratu dute.
“Lakra” hori aipatzea “garrantzitsua” dela iritzi dute, indarkeria matxistaren sortzailetzat jo dutelako. “Sortu ez ezik, mantendu, barkatu eta babestu ere egiten du”. Etxeko edo genero indarkeriei buruz soilik ez direla ari argi utzi du EH Bilduk: “Indarkeria matxista da; emakumeak ez dira hiltzen, hil egiten dituzte”. Horregatik, koalizioak bere konpromisoa adierazi indarkeria matxistari aurre egiteko.
Horrela, neurriak hartzeko deia egin diete erakundeei. “Politika sozial eta feministetan egindako murrizketak, prebentzio lanetakoak, lan prekarizazioa… Erakundeek moldaketak egin behar dituzte”, adierazi dute. Horregatik, baliabideak jartzeko eskatu diete, “eredu sozial justu eta errespetuzkoago bat lortzeko”.
Horregatik guztiagatik, Emakumeen Mundu Martxaren protokoloarekin bat egiten dutela iragarri dute. Gainera, talde feministekin elkarlanean jarraituko dutela berretsi dute, “borroka feministaren alde eginez”. Bihar Zabaltza plazan 19:30ean hasiko den manifestaziora joateko deia luzatu dute.