Irun Open Innovation iniziatiba egingo dute abenduaren 3an, hainbat adituren hitzaldiekin. Hiriko proiektu berritzaileak sarituko dituzte ondoren.
Gaur aurkeztu Irun Open Innovation
Enpresa munduari lotutako adituak bilduko dituzte Irun Ekintzan Sariek, datorren abenduaren 3an. Sariak banatzeaz gain, hitzaldi ugari antolatu dituzte Ficoban bertan, Irun Open Innovation lelopean. Gaur egin dute jardunaldien aurkezpena. Udaleko Sustapen Ekonomikoko zinegotzi ordezkari Miguel Angel Paezekin batera, Mondragon Unibertsitateko Bidasoko campuseko Enpresa Zientzia fakultateko dekano Lander Beloki izan da.
Paezek gogorarazi duenez, Irun Ekintzan hiriko gizarte eragile eta ekonomikoek udalarekin sinatutako ituna da. “Aurrerapauso bat eman behar dugu eta kultura ekintzaile, sortzaile eta berritzailea sustatu. Horregatik, aurten, hiriko iniziatiba berriei aitortza egiteaz gain, berritasuna aztertuko duen jardunaldia antolatu dugu”, esan du zinegotziak.
Jardunaldiaren
egitaraua 09:15ean hasiko da, hitzaldiekin, eta 18:30era luzatuko da. Orduan sari banaketa hasiko da, eta Kukai dantza konpainiak ikuskizuna emango du. Izena eman nahi dutenek 943 505336 telefono zenbakira deitu beharko dute, edo
irunon@irun.org e-postara idatzi. Ponentziak euskaraz, gazteleraz, frantsesez edo ingelesez izango dira, eta aldibereko itzulpena egongo da.
Sariei dagokienez, hamasei hautagai daude, lau saritarako. Honakoak dira:
- Irun Ekintzan Saria, berrikuntza landu duen hogei pertsona baino gehiagoko enpresari: 3.000 euro.
- Irun Ekintzan Saria, berrikuntza landu duen hogei pertsona baino gutxiagoko enpresari: 3.000 euro.
- Irun Ekintzan Saria, berrikuntza landu duen hogei pertsona baino gehiagoko zerbitzu enpresari: 3.000 euro.
- Irun Ekintzan Saria ideia berritzaileenari: 1.000 euro.