«Ikusi dugu jendeak kezka bera duela, eta lanerako prest dagoela»
Irailean euskara elkartea sortu zuten Hondarribian. Hausnarketa prozesua abiatu eta espero baino jende gehiago batu zitzaien. Bertan erabaki zuten elkartea behar zela, eta horrela jaio zen Blagan. Martin Lizeagak eta Aritz Enparanek horren guztiaren xehetasunak eman dituzte elkarrizketan.
“Udalak egiten duena osatu nahi dugu, pixka bat eragin eta lagundu”Lizeaga: Beti gehiago nahi dugu, bizitzako arlo guztietan [barre egin du]. Nire kasuan behintzat bai, nik euskaraz bizi nahi dut erabat, eta ikusten genuen gabezi batzuk bazeudela arlo batzuetan, eta horrekin, eta pixka bat jendearekin hitz egiten ea non ikusten duen bere burua, bada horretan saiatu nahi dugu, ea zerbait egin dezakegun. Nik uste euskararen egoera Hondarribian nahiko ona dela. Jendeak orokorrean badaki, euskaraz egin daiteke ia guztia, tabernaren bateko aurpegi txarra kenduta, nik ez dut bestelako arazorik izan. Bestalde, beharbada bai, zer edo zer eragin daiteke erabileran, hor bai, eta batez ere helduen erabileran, ez hainbeste umeenean eta haurrenean, azkenean horiek dira gizartearen isla. Erabileran bultza egin nahi dugu, hasi gara lantzen eta ikusiko dugu nora eramaten gaituen. Baina elkarteko asko guraso zarete. Akaso euskararen erabilera gurasoen ardura ere badela erakusten du horrek? Enparan: Ez dut uste hortik doanik, gurasoena baino gehiago ikusten dut gizartearena oro har, Hondarribiko gizartearena. Ni guraso naiz, eta Martin ere bada, bakoitzak bere ikuspuntua du, baina ez dut uste guraso bezala dugun ikuspuntuak eraman gaituenik horrelako iniziatiba bat martxan jartzera. Izan da gehiago ikusi dugula Hondarribiaren, oro har gizarte osoaren euskararen erabileran nolabaiteko hutsuneak badirela. Lizeaga: Parte hartze prozesuan arlo hori ateratzen zen, baina beste askorekin batera, umeena ez zen kezka handiena. Eta nik ez nuen eduki inpresioa guraso bezala etorri zirenik [Enparanek arrazoia eman dio], denetarik zegoen, jende heldua, umeak hazitakoak, gazteak ere baziren, oso anitza. Enparan: Deigarria izan zen, a priori bai jo dezakezula hortik etor daitekeela jendea, guraso zaren aldetik eta, baina bozketak egin zirenean bazegoen gai bat zehazki haurrei eta gazteei eragitekoa, eta hor oso jende gutxik bozkatu zuen. Ez zen kezka berezirik nabaritu horretan. Eta zeintzuk dira prozesuan atera ziren kezka nagusiak? Enparan: Prozesuan aurrera atera ziren kezka nagusiak izan ziren helduen euskararen erabileran eragitea, eta bestea sentsibilizazioa, herritarrek duten euskararekiko sentsibilizazioa eta horrek erabileran duen eragina. Lizeaga: Bai, hori, eta gero arlo pribatuan nolabait esatearren, tabernetan eta horrelakoetan eragitea, eta gero aisialdiko kontuetan. Eta beste arlo bat zen teknologia berriak, ordenagailuak, telefonoak eta abar, jendeak joera duela gaztelaniaz erabiltzeko. Prestigio kontua izan daiteke hori, zenbait arlotan euskarak ez duela gaztelaniak adina prestigiorik? Enparan: Nik ez dut uste denik prestigioagatik, uste dut dela gehiago erosotasuna, horrela etortzen zaizu eta horrela uzten duzu, ordenagailua etortzen zaizu Windowsarekin gaztelaniaz, eta gaztelaniaz uzten duzu, Office-a berdin, telefonoa berdin, askok badaukate aukera euskaraz jartzeko eta jendeak ez daki. Lizeaga: Telebista teknikaria etortzen da eta espainola jartzen dizu lehenengo, esaten diozu ETB nahi duzula eta ‘nola?’ esaten dizu, eta galdetzen diozu ea zergatik jartzen dizun espainola ; ‘naturala da’, erantzuten dizu. Ez dut uste prestigioa denik, hori da jendeak txipa sartuta duela, La1 da lehenengo, gero La2… Horrela funtzionatzen dugu. Zertan hasi da euskara elkartea lanean? Elkartean lantalde desberdinetan gaude banatuta, lan ildoetan. Talde mordoxka daude, baina oraindik martxa hartzen ari gara. Batzuk elkartu egin dira, beste batzuk oraindik ez. Sentsibilizazioa, teknologia berriak eta euskara, komunikazioa, atzerritarrak nola erakarri, mendi eta natura irteerak antolatzeko taldea… hasten ari gara. Gu [Enparan seinalatuz] batez ere talde eragilean gaude, eta gure dedikazio guztia horri bide ematen jarri dugu, bazkideak erakartzen…
Zer edo zer eragin daiteke erabileran, eta batez ere helduen erabileranOrain martxan da logo lehiaketa, komunikazio taldetik antolatu dutena (informazio gehiago Facebook orrian), eta nahi dugu ekarri Beltzean mintzo hitzaldia. Aurkezpenik oraindik ez dugu pentsatu gure burua ezagutarazteko, eta nahi dugu herriko eragileekin, udalarekin eta bestelakoekin gure burua aurkeztu jakin dezaten hemen gaudela. Zuek bezala, udalak ere baditu ardurak euskararen inguruan. Helburu horretan elkarrekin, bakoitza bere aldetik… Nola jardungo duzue? Enparan: Parte hartze prozesurako gonbidatu zitzaien eta euskara teknikariak parte hartu zuen. Garai horretan Euskara zinegotzi zen Txomin Sagarzazurekin egon izan ginen, berak ere asmoa zuen etortzeko, baina justu hauteskunde kanpaina izan zen eta ezin izan zuen, baina berarekin bilera bat edo beste egin dugu. Jakinaren gainean egon dira beti, eta elkartea sortzeko ibilbidearen berri badute. Orain gobernu berria dute, zinegotzi berriak dauzkate, eta eskatu dugu bilera bat beraiekin, ezagutarazteko, eskutan ditugun proiektu berriak jakinarazi, eta hartu-emanik izan dezakegun ikusteko. Horretarako badugu lerro hori ja irekita. Lizeaga: Gure artean hitz egin genuen dezente honetaz. Gauza da eduki nahi genuela zerbait martxan, ‘hau eta hau egiteko asmoa dugu eta proiektu hauek ditugu’, elkartu aurretik zerbait eskaintzeko eduki, eta elkarlana nahi dugula adierazi. Gero [barrez hasi da] ikusten badugu beharra, belarritik tirako diogu udalari, baina jarrera batez ere hori da, proiektu batzuk landu, martxan jarri, eta horiekin joan udalera. Orain gehiago da kontaktua eta aurkezpena. Alkatea euskaltzalea izanda, uste dugu aldeko jarrera izango duela.
Gazte Xaian ari gara elkartzen; eskerrak eman behar dizkiogu gazte asanbladariParte hartze prozesurako lokal bila aritu zineten. Lehen bilerak Gazte Xaian egin zenituzten, prozesukoak Kultur Etxean. Ba al duzue ja egoitza finkorik? Batez ere Gazte Xaian ari gara elkartzen, eta gazte asanbladari eskerrak eman behar dizkiogu horregatik. Ez daukagu lokalik, eta hori da gure gabezietako bat da, talde desberdinak gara, ordu desberdinetan elkartzen gara. Horretan gaude, bilatzen, toki egokiak zeintzuk diren, norekin, nola… Seguru udalarekin elkartzen garenean izango dela planteatuko dugun gaietako bat. Zeinentzako tokia dago Blagan? Lizeaga: Bazkide edonor izan daiteke. Parte hartze prozesuan ikusi den bezala talde irekia da, anitza, inongo ideologiarik gabea; hasieratik hori bilatu genuen, aniztasuna. Bazkide izateko euskararen aldeko jarrera besterik ez dugu eskatzen, eta hamar euro sinboliko. Enparan: Gainera, bazkide izateak ez du esan nahi hamar euro ordaindu behar direnik urtero; hasierako ekarpen sinbolikoa egiteko dira, eta gero ez dugu planteatu behintzat bazkidetza kuotarik eskatuko dugunik. Eta besteei, hondarribiarrei oro har, zein da bidaltzen diezuen mezua? Zein ekarpen egiteko jaio da Blagan euskara elkartea? Lizeaga: Hondarribian euskaraz bizitzeko aukerak erraztu nahi ditugula, besterik gabe, eta euskalduna ez dena euskarara hurbildu. Izan ere, euskaraz bizi nahi dugu, bai, baina ez gu bakarrik, besteekin ere, elkarbizitza.


