Etzi Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Eguna izango da eta Hondarribiko alderdi guztiek adierazpen instituzional bat onartu dute.
Asteazkenean Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Eguna izango da eta Hondarribiko Udaleko alderdi guztiek (EAJ, Abotsanitz, EH Bildu, PSE-EE eta PP) adierazpen instituzional bat onartu dute.Udalak, indarkeria matxistaren kontrako udal protokoloak eguneratzeko konpromisoa hartzen du, eta herritarrei dei egin die “berdintasunaren aldeko konpromiso pertsonal eta kolektiboak har ditzaten”.
Testuan, udalak indarkeria matxista gaitzetsi du, edozein dela bortizkeria adierazteko modua: “Gure gaitzespenik irmoena adierazi nahi dugu emakumeen aurkako edozein indarkeria adierazpenekiko, zeinahi ere den (fisikoa, psikologikoa, sexuala, sinbolikoa…), bai halaber sexismo-modu guztiekiko, barne daudelarik finenak eta normalizatuenak, hala nola sexuen araberako rol estereotipatuak ezartzea edo bizitzaren esparru askotan emakumeak ikusgai ez egotea, besteak beste”.
Onartutako adierazpenaren arabera, indarkeria matxista arazo “estrukturala” da, eta horrek ezinbestekoa egiten du berdintasun politikak abiaraztea, gizartearen egitura iraultzeko: “Oraindik ere aukera desberdinak eskaintzen zaizkie emakumezkoei eta gizonezkoei, eta oraindik ere jaiotza-sexuaren arabera pertsonen askatasuna mugatzen da. Saiatu behar dugu bestelako gizartea eraikitzen, non pertsona guztiek askatasuna izango duten nahi duten bezalakoak izateko, non aukera izango duten potentzialtasun osoz garatzeko, eta non giza eskubideei begira berdintasunezko eta begirunezko tratua jasoko duten”.
Gizartearena ez ezik, erakundeen ardurak berraztertu behar direla uste du Hondarribiko Udalak: “Erakundeetatik geure ardura sozial eta politikoa onartu behar dugu, tratu onak sustatuko dituen gizartea eraikitzeko orduan, eta horretarako gure aurreiritziak, rolak eta eguneroko jarrerak gure baitatik berrikusten hasi”.
Hori horrela, hiru puntuko adierazpen instituzionala adostu dute EAJ, Abotsanitz, EH Bildu, PSE-EE eta PP alderdietako Hondarribiko hautetsiek. Hauek dira:
- Konpromisoa hartzen dugu gure eskuduntzen esparruan udal politika aktiboa, integrala eta koordinatua garatzeko, tratu onen eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde. Bereziki emakumeen aurkako indarkeriari buruzko udal protokoloak eguneratzeari ekiteko konpromisoa hartzen dugu.
- Eta herritarrak gonbidatzen ditugu berdintasunaren aldeko konpromiso pertsonal eta kolektiboak har ditzaten, urteko egun guztietan, baita azaroaren 25a dela eta burutuko diren ekitaldietan parte har dezaten ere.
- Gazteen arteko prebentzio eta hezkuntzarako Udal Prebentzio Komunitarioaren Zerbitzuaren programak jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu eta hezkuntza eragileak gonbidatzen ditugu Beldur Barik ekimenean parte hartzera.