Gipuzkoako Elikagaien Bankuak urteroko jaki bilketa erraldoia egingo du hilaren 27 eta 28an. Oarso Bidasoan 10 saltokitan jasoko dituzte elikagaiak, gero beharra dutenei emateko
Hurrengo asteburuan bildutako denak tokia izan dezan, apalategiak prestatzen ari dira elikagaein bankuko Oiartzungo egoitza nagusian.
Hilaren 27an eta 28an, egun osoz, janari bilketa egingo du Gipuzkoako Elikagaien Bankuak. Gabonen aurretik ohiko bilakatzen ari den jarduera da. Baina elkartasun keinu horren atzean behar bat dago: gipuzkoar askok jakiak behar dituzte, egunero, bizi ahal izateko. Zehazki, Oarso Bidasoan 39 elkarte edo erakunde dira asteko egun zehatz batean jakiak ematen dizkietenak beharra duten herritarrei; horiek denek herrialdeko elikagaien bankutik lortzen dituzte gaiak.
Bankuak urtean zehar batik bat supermerkatuetatik jasotzen ditu elikagaiak. Baina azaroko kanpaina berezian lortzen ditu gehien. 2013an, esaterako, 350.000 kilo jaki bildu zituzten, eta iaz, 575.000. «Aurten, gehiago edo gutxiago lortzea ez zaigu asko axola. Nahi genuke, noski, iazko kopurua gainditu. Baina herritarrek ematen dutenarekin konformatuko gara», esan du Begoña Murciego bankuaren boluntarioak.
Izan ere, Gipuzkoan elikagaiak jasotzen dituen erakundeko kide guzti-guztiak boluntarioak dira, borondatez egiten dute bertan lan. Diru sarrerak badituzte —erakundeek, enpresek eta norbanakoek emandako laguntzak dira—, baina horiek funtzionamendu gastuetarako erabiltzen dituzte, Murciegoren arabera: «Laguntzen ari garela sentitzen dugu, beharra dutenengandik hurbil gaudela. Hori da lanerako dugun motibazio bakarra».
Egunotan, buru-belarri ari dira boluntarioak janari bilketa erraldoiarekin harremana duten zertzelada guztiak lotu nahian. Oiartzungo Ugaldetxo industrialdeko pabilioian aktibitatea handia da. Herenegun, esaterako, administrazioko eta biltegiko guneetan 20tik gora lagun ari ziren lanean.
Hala, jakiak bilduko dituen supermerkatu bakoitzerako kaxa bat dute prest. Bertan, 27 eta 28an tokian tokiko saltokietan egongo diren boluntarioentzako petoak, nahiz horietan jarriko dituzten kartelak daude, baita poltsak ere.
Funtzionamendua
Bilketa erraldoiarekin bat egin nahi dutenek erraztasun guztiak izango dituzte hori egiteko. Oarso Bidasoan, esaterako, hamar supermerkatutan egingo dute bilketa, gehienak Eroski, Uvesco (Super BM), Alcampo, Dia edo Carrefour etxeetakoak. Horietan boluntarioak egongo dira, baina badira saltoki txikiagoak euren kabuz bilduko dituztenak jakiak.
Hortaz, gune horietako sarreretan boluntarioek poltsa berezi batzuk emango dizkiete bezeroei, bertan, elkartasun keinua egiteko jakiak sar ditzaten herritarrek. Behin ordaindutakoan, poltsak, baina beteta, berriz ere borondatezko langileei eman behar zaizkie. Horiek arduratuko dira jakiak behar den tokian uzteaz.
Baina edozerk ez du balio. Jaki freskoak —barazkiak, fruta, haragia, arraina— ez dira utzi behar, iraungitze data luzea dutenak baizik. Honakoak lehenetsi dituzte elikagaien bankuko kideek: esnea, gailetak, azukrea, haurrentzako pixoihalak, olioa, kontserbak, kakaoa, lekaleak (kontserban), arroza eta pasta.
Oarso Bidasoan 240 boluntariok lan egingo dute jakiak jasotzen
Elikagaiak behar dituztenen profila asko aldatu egin da azken urteetan
Behin horiek denak jasota, bai 27an zein 28an furgoneta edo kamioi bidez supermerkatuetatik Oiartzungo biltegi nagusira eramango dituzte Oarso Bidasoan jasoko direnak, hain sailkatze prozesua hasteko, gauza bakoitzak bere tokia duelako Ugaldetxoko industrialdeko pabilioian. Prozesu horrek, Begoña Murciegok zehaztu duenez, hilaren 30etik abenduaren 23ra arte iraungo du, eta egun horietako bakoitzean boluntarioen bi txanda izango dira lanean, txanda bakoitzeko 18 lagun daudela.
Hurrengo asteburuko bilketan, Gipuzkoan, 1.400 lagun ibiliko dira saltokietan jakiak jasotzen. Horietatik 240 Oarso Bidasoko dendetan egongo dira, behar bezala identifikatuta. Irunen, ordea, laguntza behar dute: han boluntario bezala lan egin nahi dutenek 655 70 86 10 telefono zenbakira hots egin behar dute izena emateko.
Eskatzaileen profila
Gipuzkoako Elikagaien Bankuak jakiak ez dizkie zuzenean herritarrei ematen. Beharra duen batek ezin du joan Oiartzungo pabilioira, eta bertan janaria eskatu. Tokian tokiko elkarte, eragile edo erakundeen bitartez egiten dira banaketak. Haiek arduratzen dira bankuaren egoitzara joan, jakiak jaso, eta banatzeaz.
Elikagaien bankuak hainbat baldintza eskatzen dizkie banatzaileei, eta behin horiek betetzen dituztela ziurtatua, hasten dira gaiak ematen.
Baina onuradunekin zuzenean harremanik ez izan arren, bankuko kideek badakite zer nolako familiek jasotzen dituzten eurek lortutako jakiak. Murciegok azaldu duenez, jakiak jasotzen dituztenak etorkinak direla bakarrik ez da egia. «Esan dezaket onuradunen erdia bertakoa dela. Horietako batzuk denbora luzeko egoera zailak bizi dituztelako jotzen dute herrietako guneetara elikagai bila. Baina badira, krisiagatik, zerbitzu honen berri izan eta erabiltzen hasi direnak. Familia arrunta izatetik, beharra duen familia izatera pasatu dira».
Azken kasu horretan, badira elkarte edo erakundeak jakiak zuzenean beharra dutenen etxeetara eramaten dituztenak. Hau da, egoera zailean daudela inork jakin ez dezala nahi duenik bada: ez dute nahi jaki banaketako ilara batean inork ikustea. Horiek muturreko egoerak dira: badira beharra ezkutuan eramaten dutenak, lotsagatik jakien bila ez doazenak, etxean jateko deus ere ez dutenak.
Pabilioi berrian, gehiago eta erosoago
Hurrengo asteburuan bildutako denak tokia izan dezan, apalategiak prestatzen ari dira elikagaein bankuko Oiartzungo egoitza nagusian.
Iaz, Oiartzungo Lanbarren industrialdean zuen pabilioitik, Ugaldetxoko industrialdean dagoen beste handiago batera lekualdadu zuten Gipuzkoako Elikagai Bankuaren egoitza nagusia (Bergaran ere badute bat, txikiagoa). Handiagoa da berria, biltegia zein elikagaiak utzi edo hartzeko gunea ere. Hau da, jaki gehiago gordetzeko eta erosoago lan egiteko aukera dute boluntarioek.