Hondarribiko Itsas Etxean egingo dute abenduaren 3an. Hego Lapurdiko Hiriguneak eta Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak eratu zuten iaz Sareuska.
mankomunitateetako ordezkariak eta euskara teknikariak, aurkezpenean
Sareuska sareak antolatutako bigarren Mintzodromoa jasoko du abenduaren 3an Hondarribiko Itsas Etxea Auditoriumak. Iazko irailaren 19an Bidasoa ibaiko bi ertzetako erakunde administratiboak elkartu ziren Sareuska egitasmoan, euskararen erabilera bultzatzea eta dinamizatzea helburu.
Bortzirietako Euskara Mankomunitatea, Hego Lapurdiko Hirigunea eta Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoa dira Sareuskako partaide, eta hiru erakunde horietako kide diren udalerri guztiek bat egiten dute sarearen helburuekin. Hala, 2017. urtera begira plangintza eratu dute, eta plangintza horren barnean kokatzen da Mintzodromoa.
Erakunde anitz elkartu dira xede berarekin eta anitza izan zen atzo Itsas Etxean egin zuten aurkezpena. Bertan izan ziren Arantxa Berrotaran eta Josune Gomez Hondarribiko eta Irungo Euskara zinegotziak, Michel Ibarluzea Ainhoako alkate eta Hego Lapurdiko Hiriguneko ordezkaria, eta Mentxu Peña Arantzako zinegotzia eta Bortzirietako Euskara Mankomunitatekoa. Haien ondoan ziren Sonia Perez Topaguneko kidea, Sareuskako partaide diren udaletako euskara teknikariak, Maite Berruet Mintzalaguneko arduraduna, Arantxa Ezeiza Hondarribiko Udal Euskalegiko zuzendaria eta Javi Gonzalez partzuergoko teknikaria.
Euskararen Nazioarteko Egunean bilakatuko da Mintzodromoa Itsas Etxea, 10:00etatik 12:30era. Maider Segurola kazetariak egingo ditu dinamizatzaile lanak, eta herritar arruntez gain, kirol, euskalgintza, bertsolaritza edota telebistako pertsonaia ezagunen parte hartzea izango da. “Bertaratutakoak, tokian tokiko zein egunerokotasuneko gaien inguruan solastuko dira mahai baten bueltan lauko taldetxoetan eta giro xamur eta lagunartekoan. Hiru gai ezberdin proposatuko dira 15 minutuz mintzagai gisa eta hizketalditxo hauetariko bakoitza, lagun talde ezberdinarekin egingo dute”, azaldu zuten aurkezpenean.
Euskara ikasleei deia
Parte hartzea libre da, “edozein euskaltzaleri zuzenduta”, baina antolatzaileek dei berezia egin diete “Bortziriak, Hego Lapurdi eta Irun eta Hondarribiko euskaltegietako ikasle eta irakasleei eta baita ere mintzapraktika programetako parte hartzaileei”.
Izan ere, euskara praktikatzeko aukera bat gehiago eskaintzea baino gehiago bilatzen du Sareuskaren bigarren Mintzodromoak: “Ekimenaren helburua finean, euskaraz hitz egiteko aukera bat gehiago eskaintzea da, batez ere euskara ikasten ari direnei, praktikarako jauzia egin dezaten. Baina era berean euskaldunen arteko harreman sareak ehuntzea ere bilatzen da ekimenarekin, Mintzodromoan parte hartu ondoren, bertan egindako lagun berriekin, euskaraz erlazionatzeko joera biderkatu baitaiteke. Eta modu honetan euskaldun zahar eta berrien arteko igurtziak areagotzeko aukerak ere”.
Hondarribiarrek
mailez eman dezakete izena; irundarrek, aldiz,
udalaren webgunean. Gainera, hurbildu nahi duenarentzat, doako autobus zerbitzua jarriko du Irungo Udalak.