Etzi ospatuko da Haurren Eskubideen Eguna; konpromisoak hartzea adostu dute aho batez udal taldeek.

Umeen eskubideak errespetatzeko eskatu du udalak
Etzi ospatuko da, mundu mailan, Haurren Eskubideen Eguna. Horren harira, Irungo Udalak adierazpen instituzionala onartu du aho batez.
Haurren Eskubideen Hitzarmenak (HEHk) mende laurden bete du, eta horrek estatuak konprometitzen ditu haurrekiko eskubideak bere gain har ditzaten.
Irungo Udalak esan du aurrerapausoak egon direla umeen eskubideen defentsan, baina onartu du oraindik “erronka ikaragarriak” daudela esparru horretan. Horrela, HEHn haurtzaroari “lehentasuna” eman behar zaiola jasota dagoela gogorarazi dute, eta horrek eurentzako “ingurune lagungarriak” sortzea, “haurtzaroan inbertitzea” eta “haurrei hitza ematea” suposatzen du. Gainera, Europako Batasunak, duela bi urte, haurren pobreziaren aurka borrokatzeko gomendatu zuela nabarmendu dute
Hori guztia kontuan hartuta, hiru konpromiso hartu ditu hiriko udalak. Alde batetik, HEHrekiko atxikimendua jendaurrean adieraztea. Bestetik, “ahalegin guztiak egitea, udalen eskumenaren barruan”, hitzarmena betearazteko. Azkenik, “haurtzaroaren aldeko itun bat” egitea adostu dute: pobreziaren aurkako babesa, eta kalitate zein aukera berdintasuna bermatu nahi dute hezkuntzan.