Hurrengo partida etxean jokatuko du berriro Hondarribia Eskubaloia taldeak, Urdanetaren kontra.
Bi hegalak aprobetxatu zituen taldeak Ereintzaren defentsa zulatzeko
Ereintza taldea nagusitasunez menderatu ondoren (25-17), arnasa hartu du Hondarribia Eskubaloia taldeak. Batetik, Euskal Ligako 11. postura jauzi egitea lortu dute eta dagoeneko hiru talde dituzte sailkapenean atzetik, Ereintza, Siglo XX eta Lau-Bide (
sailkapena). Eta bestetik, igandeko garaipenak konfiantza itzuli die jokalariei, zenbait unetan urduri aritu ziren arren, minutu askotan talde bezala eta kantxako zabalera osoa probestuz erasotzeko aukera izan zutelako.
Hala ere, akats asko egin zituen taldeak, ziurrenik irabazteko beharrak eragindakoak. Ereintza sailkapeneko azken tokian dago, eta ezin da esan Hondarribiak garaipen handia lortu duenik, baina zulotik ateratzeko dinamika negatiboarekin amaitzea ezinbestekoa zuten Javi de la Hazaren mutilek, eta Errenteria-Oreretako taldea botika ona izan da zauria sendatzeko.
Romok min hartu zuen jokaldi honetan
Hurrengo asteburuan, aukera ezinhobea dute berdeek bigarren garaipena jarraian lortzeko. Etxean jokatuko dute berriro, sailkapenean haiek baino puntu bat gehiago duen Urdaneta taldearen kontra. Irabaziz gero, zama handia kenduko du gainetik Hondarribiko taldeak, eta sailkapenean dagokion tokiaren bila hasteko aukera izango luke.
Izan ere, hondarribiarrek aurten berriro Lehen Mailara igotzeko talderik ez badute ere, dauden mailatik beherago egotea ere ez dute merezi.
Hondarribia Eskubaloia klubeko asteburuko emaitzak
Euskal Liga
- Hondarribia Eskubaloia-Ereintza 25-17
Gipuzkoako 2. Lurraldeko Txapelketa
- Hondarribia Eskubaloia taldeak atseden izan du
Gazteen Maila
- Karibe Zaharra-Hondarribia Eskubaloia 27-20
Kadeteen Maila
- Egia Indaux-Hondarribia Eskubaloia 28-34