Tomas Elgorriaga hondarribiarra Frantziara estraditatuko dute eta bertan berriro egingo dizkiote auzi-ihesean egindako epaiketak.
Larunbatean kontzentrazioa egin zuten Friburgon Elgorriagaren alde
Berriro epaituko dute Tomas Elgorriaga hondarribiarra. Bere auzia zeraman Alemaniako epaileak
estradizio eskaera onartu egin zuen ostiralean, eta Frantziara eramango dute. Bertan lau aldiz epaitu zuten auzi-ihesean eta hamabi urteko zigorra ezarri zioten guztira. Baina Elgorriagaren abokatuak adierazi duenez, epaiketa horiek berriro egingo dituzte, oraingoan hondarribiarrak defentsarako aukera izango duelarik.
Iazko urriaren 31n atxilotu zuten Elgorriaga Mannheim herrian. Atxilotu eta gero jakin izan zen hamar urte zeramala Friburgon identitate faltsuarekin bizitzen, hots, Euskal Herritik ihes egin zuenetik.
Atxilotu zutenean Frantziak bera bilatzeko eta atxilotzeko agindua emana zuen, ez ordea Espainiak, garai batean leporatzen zitzaizkion delituak dagoeneko preskribituta zeudelako. Frantzian, aldiz, lau aldiz epaitu eta zigortu dute auzi-ihesean, baina Elgorriagaren abokatuak argitu duenez, bertan dituen karguak Alemanian bizi zirenekoak dira. Hortaz, Elgorriaga askatzeko eskatuko dute hurrengo hilabeteetan berriro egingo zaizkion epaiketetan.
Autobusa Hondarribitik
Ostiralean erabaki zuen Mannheimeko epaileak Elgorriagaren estradizio eskaera onartzea, Hondarribitik Alemaniara Tomas Etxera taldeak antolatutako autobusa irten zen egunean bertan. Elgorriagaren askatasuna eskatzeko eta hondarribiarrarekiko Friburgon izan duten jarrera eskertzeko 37 lagunek egin dute bidaia autobusean. Friburgon 150 pertsona inguru elkarretaratu ziren larunbat eguerdian, eta ondoren herri bazkaria egin zuten Alemaniako elkartasun taldeko kideekin batera.
Tomas Etxera taldeko kide Kima Arzuagak esan duenez, “asteburua oso polita izan da, oso giro politean burutu da dena”. Arzuagak onartu duenez, beldur ziren Frantziak ostiraletik mugetan kontrolak zorrozteko asmoa zuelako, baina eragozpenik gabe egin dute bidaia.