Eguzki Bidasoaldea, Ekologistak Martxan, Itsas Enara Ornitologia, SEO/BIrdLife eta Oiasso 2000 auzo elkarteen elkargoak osatzen dute Bidasoaldeko Lagunak taldea.
Lertxunak eta mokozabalak Plaiaundiko San Lorentzo aintziran
Talde ekologistak eta bestelako eragileak biltzen dituen Bidasoaldeko Lagunak taldeak Plaiaundi “deskubritzeko” txangoa antolatu du iganderako, hilak 22. “Ibilbidea laua, erosoa eta bi kilometro baino laburragoa da, beraz edonorentzat egokia da”, esan dute.
10:30ean abiatuko dira, parkeko sarreratik. Bi kilometroko ibilbidea bi ordu eta erdian egiteko asmoa dute, natura guneaz disfrutatzea baita helburua, baita babes neurriak aldarrikatzea ere.
Izan ere, larunbateko bisita horrekin, parke ekologikoko aberastasun naturala ezagutarazi eta Txingudiko Hezeguneen Plan Nagusia betearaztea eskatu nahi dute. Bidasoaldeko Lagunak taldeak nabarmentzen du badia Natura 2000 eta Ramsar sareetan dagoela, eta badela hezeguneak lehengoratzeko plan bat onartua, baina zenbait proiektuk lehengoratze hori zailtzen dutela uste dute: “Pasabideen proiektuak, dragatzeak, trenbide asmo berriak, aurreikusitako hainbat lehengoratze ekimen ez gauzatzearekin batera, ingurune honek bere balio eta dinamika naturalak berreskuratzea galarazten ari dira”.
Plaiaundiko kirol gunea
Hala, Plaiaundiko kirol gunea lekuz mugitzeko eta hezegunea lehengoratzeko neurriak hartzeko exijitu diete erakundeei: “Padura modura lehengoratu behar den lur azaleraren zati handi bat betetzeaz gain, bertako aktibitateak fauna basatiari asaldatze handiak eragiten dizkio. Kirol instalazio horien eraispena bi hamarkada baino gehiago atzeratu da dagoeneko, nagusiki, Irungo Udalaren axolagabekeriaren ondorioz”.
Nolanahi ere, arazo guztien gainetik Txingudiko badiak dozenaka hegazti espezieren babeslekua dela nabarmendu dute, eta horretaz gozatzeko asmoa dute igandean: “Plaiaundi bisitatzea bere ibilbideetatik paseatzea baino gehiago da. Natura zaletasunaz bultzatuak, bertan behaketa ordu asko igarotzen dutenekin lagunduta egiten badugu eta bertako faunak eta florak merezi duten begiruneaz eta patxadaz mugitzen bagara, bere espazioak eta espezieak deskubritu ahal izango ditugu”.